Gaztaño eta erdigunea lotzen dituen igogailua, martxan
Gaur eguerdian ireki dute Maria de Lezo eta Zabaleta Anaiak lotzen dituen igogailu berria.
Iazko uztailean hasi ziren igogailu hori eraiki eta inguruko irisgarritasuna hobetzeko lanak. Hasiera batean sei hilabeteko epean aurreikusten zen obrak amaitzea, hala ere, igogailuaren beraren hornidura arazoak tarteko epe hori beste sei hilabete luzatu behar izan da azkenerako. Guztira lan horiek 711.586 euroko kostua izan dute.
Gaur martxan jarri denarekin, igogailu berri bat gehitu zaio dagoeneko herrian martxan dagoen igogailu sare zabalari eta hemendik aurrera 16 igogailu izango dituzte herritarrek erabilgarri. Oinezko ibilbideak erraztu, auzoen arteko loturak hobetu eta irisgarritasuna bermatzeko azpiegitura funtsezkoak bihurtu dira dagoeneko, 2022an esaterako, igogailu sareak 3.236.000 bidaia egin zituen.
Gaztaño eta erdigunea lotzen dituen igogailuak 17 lagunentzako edukiera eta 1275 kg-ko karga jasateko gaitasuna ditu. Kabinaren neurriak 150 x 190 zentimetrokoak dira zabaleratik luzerara hurrenez hurren. Horrela, oinezkoentzat gain, bizikletarentzat ere erabilgarri egongo da igogailua egunero goizeko 6:00etatik goizaldeko 1:00etara, herriko gainontzeko igogailuen ordutegi berdinarekin.
Bi igogailu berri Agintaldi honetan
Agintaldi honetarako beste bi igogailu eraikitzeko konpromisoa jasotzen du Agintaldi Planak. Lehena Pontika eta Luis Mariano plazak lotuko dituena. Eta bigarrena, Pontika eta Igantzi auzoa lotuko dituena. Azken honen kokapena duela bi aste Igantziko auzotarrekin batera egindako batzarrean adostu zuen Udalak, auzotarren gehiengo zabalaren babesa jaso zuelarik. Proiektuak martxan jartzeko lanean ari da dagoeneko udala.

