“Herrikoiak, anitzak eta seguruak” izan diren Madalenen balorazio positiboa egin du Gobernu Taldeak
Bukatu dira 2024ko Madalenak eta udal Gobernu Taldeak jaien balorazioa egin du.
Oro har, giro alai eta onean garatu dira aurtengo Madalen-jaiak, eta Gobernu Taldeak, lehenik eta behin, bere ahalegin eta konpromiso nekaezina eskertu nahi izan die Jai Batzordeari eta jaiak antolatzen parte hartu duten elkarte, eragile eta pertsona guztiei. Beraien lana ezinbestekoa da jaiak hain osoak eta askotarikoak izan daitezen, eta horren erakusgarri dira aurtengo egitaraua osatu duten 130 jarduera baino gehiago. Gainera, jai-eremu berriak sortzen ari dira, festa bizitzeko aukerak ugarituz. Bestalde, Madalenak ere ez lirateke direnak izango herritarren parte-hartzerik gabe; eta Gobernu Taldeak herritarrei eskertu eta aitortu nahi die parte hartzeko eta ondo pasatzeko gogoa, gehien-gehienetan besteekiko errespetuzkoa eta elkarren zaintzako giroan.
Udal arduradunek DYA ere gogoratu dute, aurten omendu den elkartea. Errenterian eta Gipuzkoako gainerako herrietan egindako lana eskertu diote, eta jaiak elkarte horrekin partekatzea ohorea izan dela adierazi dute. Aurten, lehen aldiz, herritarrek beraiek aukeratu dute Madalenetan nor omendu, herritarrek osatutako batzorde baten bidez. Elkarteak 50 urtez egin duen eta egiten jarraitzen duen lan boluntarioa gizarte osoari eskaintzen dion “bereizketarik gabeko” arreta, eta elkarte horrek Gipuzkoan eta, zehazki, Errenterian duen ezarpena eskertu nahi izan dute horrela.
Hori ez da izan aurten ohiko parte hartzeko martxari gehitu zaion prozesu berri bakarra. Izan ere, gazteek uztailaren 24rako Gazte Gunearen programazioa erabakitzeko aukera izan dute, aurten, lehen aldiz, sare sozialen bidez.
Jaiak gero eta inklusiboagoak izan daitezen ere neurriak hartu dira, besteak beste, barrakak merkeagoak diren egunak jartzeaz gainera, musikarik eta bestelako soinu altu eta sarkorrik gabeko barraka-egunak ere programatu dira, autismoa eta entzumen-hipersentikortasuna dutenek ere horietaz gozatzeko aukera izan zezaten.
Festetako giroa, oro har, ona eta lasaia izan da, jendearen gehiengoak festaz gozatzeko eta gozarazteko hautua egin duelako. Errespetuzko eta elkar zaintzaren aldeko jokabideak nagusitu izana pozik egoteko modukoa dela adierazi dute udal arduradunek. Lehen datuen arabera, Udaltzaingoak jasotako salaketak % 37 jaitsi dira iazko datuekin alderatuta.
Hala ere, emakumeek jaiez berdintasunean gozatzeko duten eskubidea urratu duten portaerak ere egon dira eta horiek gertatu izana salatu du Udal Gobernuak, bakar bat bera ere ez baita onargarria.
Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek Madalenen aurretik adierazi zuten ez zela onartuko emakumeak jai-giroan deseroso sentiaraziko zituzten jokabiderik, eta Udalak neurriak hartu zituen indarkeria matxistarik gabeko Madalenen alde. Gutxiengoaren portaera horiek erabat ezabatzea lortu ez denez, udalerri gisa neurriak hartuz eta jendartea sentsibilizatuz jarraitzeko konpromisoa berresten du Gobernu Taldeak.
Azkenik, aurten ere, Gobernu Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei jaiek sortzen dituzten eragozpenen aurrean duten ulermenagatik eta pazientziagatik, hala nola, jaiak posible egiten dituzten udal-departamentuei (kultura, hiri-mantentzea, udaltzaingoa, komunikazioa, hirigintza…), bereziki, Madalenetan lan egitea egokitu zaien udal-langileei dena ongi joan zedin erakutsi duten prestutasun, inplikazio eta eraginkortasunarengatik.
Jaietako momenturik ederrenak berriz ere gogoratu nahi dituen herritar orok jaietako argazkiak https://herribizia.staging.errenteria.cloud/category/herri-biziaren-bidean/madalenak-herri-biziaren-bidean/ estekan dauden argazki-galerietan ditu eskuragarri.
