Oraindik ere plaza libreak dira Errenteriako Udalak eta EHUk antolaturiko etorkizuneko hiri eta herri desiragarriei buruzko udako ikastaroan

‘Etorkizuneko hiri eta herri desiragarriak: mapa bat utopiarako’ ikastaroa etorkizun bizigarrietan, gobernantza ereduetan eta gizarte mugimenduetan interesa duten pertsonei zuzenduta dago.

Ikastaroa Errenteriako Agustinak Zentroan egingo da irailaren 6an, aurrez aurre zein online.

Errenterian erroldatutako pertsonek ikastaroa doan egin dezakete.

Errenteriako Udalak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Udako Ikastaroek, elkarlanean antolaturiko ‘Etorkizuneko hiri eta herri desiragarriak: mapa bat utopiarako’ izeneko ikastaroa hartuko du Errenteriako Agustinak Zentroak irailaren 6an.

Oraindik plazak daude ikastaroa egiteko, eta matrikulazio epea zabalik da. Matrikulazio baldintzak eta programa hemen ikus daitezke.

Ikastaroaren helburua udalgintza komunitarioaren inguruan aurreko urteetan hasitako hausnarketari jarraipen praktikoa ematea izango da. Formakuntza honek hiru lan ildo nagusi izango ditu: hiri eredua definitzeko osagaiak hautematea; herritarrei eta parte-hartzaileei hausnarketa-espazio bat eskaintzea; eta eragile sozial eta ekonomikoen, herritarren eta udal eragileen arteko elkarlana sustatzeko bideei buruz hausnartzea.

2040ko udalerria irudikatzeko xedez, etorkizun bizigarrietan, gobernantza ereduetan eta gizarte mugimenduetan interesa duten pertsonei zuzenduta dago oro har eta, bereziki, herriko eragileei zein biztanleei, udalgintza alorreko profesionalei, kargu publikoei eta gai hauekin zerikusia duten diziplinetako ikasleei. Biharko herria elkarrekin pentsatu eta gaurdanik eraikitzen hasteko, etorkizunerako begirada lantzeko plaza izan nahi du ikastaro honek.

2040ko Errenteria desiragarria eraikitzeko bidean

Errenteria 2040rako plan estrategikoa osatzeko ariketan murgilduta dago, etorkizuneko herria irudikatu eta irudikatutakoa errealitate bihurtzeko lan ildoak marrazten. Ariketa honen erdian, eta berau aberastu asmoz, etorkizun bizigarriak marraztu nahi ditu udako ikastaro honek. Horretarako, 2040rako Errenterian edo beste herrietan lekutu daitezkeen utopiak irudikatuko dira, beste lurralde batzuetako esperientzien eta adituen ezagutzen eskutik. Gaurtik 2040ko gizarte eta herri desiragarria irudikatzea izango dute erronka ikastaroan parte hartuko dutenek. Horretarako, beste lurralde batzuetako ereduak eta gaian aditu direnen ekarpenak jasoko dituzte guztiak ere giltzarri etorkizuna irudikatzeko garaian.

Programa osorik.

Azken plazak eta Errenterian erroldatutakoentzat doako izen- ematea

Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago oraindik. Gainera, aurreko urteetan bezala, Errenterian erroldatutako herrikideek ikastaroa doan egin dezakete. Ikastaroan presentzialki edo online formatuan parte hartzeko aukera egongo da.
Antolatzaileek herritarrak eta eragileak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte, bihar izan nahi dugun herria elkarrekin pentsatu eta gaurdanik eraikitzen hasteko.

Matrikulazioa ondorengo estekan egin daiteke: https://www.uik.eus/eu/jarduera/etorkizuneko-hiri-herri-desiragarriak-mapa-bat-utopiarako

Matrikula prezioa EHUren gainontzeko ikastaroetako bera izango da Errenteriarrak ez diren pertsonentzat.

Pentsamendurako abagunea zabaltzea EHUrekin elkarlanean

Hirugarren aldia da Errenteriako Udalak EHUren Uda Ikastaroetan parte hartuko duena. Izan ere, aurtengo ikastaroak 2021an hasitako ibilbideari jarraipena emango baitio, oraingo honetan etorkizuna elkarrekin marrazteko ariketa eginez.

Ikastaroak pentsamenduari tokia eskainiko dio Errenterian, eguneroko praktikaren zurrunbiloari pausatzeko abagunea eskainiz. Hain zuzen ere, Errenteriak herriaren garapenerako hainbat espazio eta proiektu martxan dituen une honetan, lankidetzan eta herritarren partaidetza aktiboan oinarritutakoak, gogoetarako espazio honek prozesu horiek elikatzeko aukera emango baitu.

UIK ibiltaria

Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetako arduradunek ikastaroa aurkezteko egindako aurkezpenean azaldu zuten, UIKrentzat, Errenteriako Udalarentzat bezala, “herritarrei hausnarketarako marko lagungarri bat eskaintzea estrategikoa” dela. Haien esanetan, “ezagutza mota ezberdinak, elkartu nahi ditugu ezagutzaren plazan eta xede horrekin hartzaile mota guztien intereseko programa osatu dugu askotariko eragileekin elkarlanean”. Errenteriko Udalarekin lankidetzan antolatutako ikastaroa “honen adibide garbia, askotariko eragileen parte hartzea sustatzen duelako”.

Uda Ikastaroak euskal geografia osora zabaltzeko helburua ere badu, Uda Ikastaro Ibiltarien programaren bitartez. Udalerriek esku artean dituzten erronkei buruzko ezagutzaren transmisioari eta hausnarketei lekua emateko UIKen xedea jarraituz “estrategikoa da hiri ereduaren inguruko pentsamendu kritikoa eragiteko Errenteriako udalarekin lankidetzan aritzea”.