Pontikako aparkaleku berria martxan da eta irailaren 16tik aurrera TAO gunea irekiko da

Argazkian: Aizpea Otaegi alkatea eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotzia.

Pontikako aparkaleku berria errealitate bat da jada. Eraikina amaituta dago eta esleipendunak atzo hasi ziren 50 urterako emakida-kontratuak sinatzen. 4 urterako alokairu-kontratuak datorren astelehenetik, irailaren 16tik, aurrera sinatuko dira. Egun horretan txandakako aparkalekuak ere jarriko dira martxan, TAO-erregimenean.

Horrela, aurreikuspena da irailaren 23ko astean aparkaleku osoa martxan egotea. Guztira 3.714.000 euroko inbertsioa egin du Udalak proiektu hau errealitate bihurtzeko. Horrela proiektu honen gauzapenarekin urrats berri bat eman da Beraun kalea berroneratzeko egiten ari den plan integralaren baitan.

Barandiaran parkea, gertuago

Aparkalekua irekitzeak Barandiaran parkeko lanei hasiera ematea ahalbidetuko du. Izan ere, parkea eraikiko den orubea jendearentzat itxiko da, Pontikako aparkaleku berria bere osotasunean martxan dagoenean, parke berria eraikitzeko lanak abiatzeko.

Pontikako aparkalekuak 180 plaza ditu autoentzat eta beste 6 motorrentzat. Kotxeentzako 66 plaza eta motorrentzako guztiak lau urterako alokairurako dira. Autoentzako beste 31 plaza 50 urterako emakida bidezko aparkalekurako dira, eta gainerako 83 tokiak txandakako aparkalekurako, aparkalekua unean-unean erabili behar dutenentzat. Plazen esleipena zozketa bidez egin da, eta onuradunak eta txandakako plazen erabiltzaileak laster hasi ahal izango dira aparkalekua erabiltzen.