Aste honetan hasiko dira Barandiaran parkea eraikitzeko lanak

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Eneko del Amo, Hirigintza zinegotzia; Espe Arangoi Iparragirre, Pontikako Auzo Elkartearen izenean; eta Aizpea Otaegi, alkatea.

Pontikako aparkaleku berria ireki eta martxan jarri ondoren, aste honetan abiatuko dira Barandiaran parkea eraikitzeko lanak. Auzoaren eskaera historikoa gauzatzea 2023-2027 agintaldi planean jasota dago eta eraikitzeko lanek hiru fase izango dituzte orotara. Zehazki lehenengo fasea abiatuko da orain. Zeinetan lur mugimenduak egingo diren eta etorkizuneko parkea kokatuko den eremuko lur kutsatuak erretiratuko diren. Lehen fase honetako lanek 10 hilabeteko iraupena izango dutela aurreikusten da eta udalak 2.004.560,54 euroko inbertsioa egingo du. Behin lur mugimenduak eginda, bigarren fasean urbanizazioko lanak egingo dira eta hirugarren fasean berriz parke berriko hornidurak gauzatuko dira.

Barandiaran parkea diseinatzeko prozesuan auzotarren eta oro har herri kideen ekarpen ugari jaso dira. Proiektu hau mugarri garrantzitsua izango herri jasangarriago eta bizigarriago bat eraikitzeko bidean. Erdigunetik oso gertu, Pontikako auzoan kokatuta birika berri bat sortuko baita herritar guztientzat. Parkeak erabilera ezberdinak izatea aurreikusten da, kirolerako, aisialdirako, lasai egoteko… Horrez gain bere garaian bertatik pasatzen zen erreka ere berreskuratuko du parkeak.

Aparkalekuaren itxiera

Lanak egin bitartean parkearen ingurua hesituta egongo da herritarren segurtasuna bermatzeko. Gaur egun Barandiaran parkea kokatuko den eremuan dauden 130 aparkalekuak ere ezingo dira erabili ostegunetik aurrera. Hain justu, horrek sor dezakeen aparkaleku premiari erantzuteko eraiki da 180 aparkaleku dituen Pontikako parking berria.