Udal Gobernu Taldeak 2025erako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Maite Gartzia, alkateordea; Aizpea Otaegi, alkatea; eta Eneko del Amo, Ogasun zinegotzia

• % 2,6ko eguneratzea aplikatzea proposatu dute, egungo KPIari lotuta
• Fiskalitate justuago baten bidean pauso berriak jasotzen ditu proposamenak, progresibitatea prezio publiko gehienetan ezarriz
• Proposamenak, gainera, hobari eta izozte sorta bat jasotzen du, besteak beste, trantsizio ekologikoa, tokiko garapena, etxebizitza sarbidea eta gizarte kohesioa sustatzeko.

2024ko aurrekontua prestatze aldera, Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak ordenantza fiskalak % 2,6 eguneratzea proposatu du. Kopuru hori egungo KPIaren araberakoa da, eta zerbitzu publikoak mantentzea eta prezioen igoera orokor nabarmenari aurre egitea ahalbidetuko du, fiskalitate justuago baterantz pausoak ematearekin batera.

Udal Gobernuak oposizioko gainerako taldeei aurkeztu die proposamena, eta hurrengo Osoko Bilkuran jorratuko da gaia, datorren urteko zerga-politikak ezarriko dituen behin betiko onarpena urtearen amaieran gauzatzeko borondatearekin.

Proposamenak progresibitate fiskala prezio publiko gehienetan aplikatzea jasotzen du, eta izozteak eta hobariak jasotzen ditu gizarte-erronka nagusiekin lotutako arloetan: trantsizio ekologikoan, tokiko garapenean, etxebizitzan eta gizarte-kohesioan.

Etxebizitzarako sarbidea errazteko neurriak

Eremu tentsionatu izendatzeko aurkeztutako hiru urterako planean jaso bezala, zenbait neurri fiskal proposatzen dira, besteak beste, etxebizitza hutsak mobilizatzeko, dagoen etxebizitza-parkea berroneratzeko, erabilera turistikoari mugak jartzeko eta gazteen emantzipazioa sustatzeko.

Etxebizitza hutsak mobilizatzeko, hobari handiak aplikatuko dira Ondasun eta Higiezinen Zergan (OHZ) Eusko Jaurlaritzaren alokairu programetan sartzen diren etxebizitzentzat, Bizigune edo ASAP kasu. Gainera, OHZren errekargua, zaborrak, ura eta saneamendua aplikatuko zaie eraikitako etxebizitzak mugitu ez dituzten enpresa sustatzaileei. Azkenik, OHZren errekargua aplikatuko zaie, nahiz eta eraikinaren bereizketa horizontalik ez izan, inor erroldatuta ez duten etxebizitzei.

Etxebizitzen birgaitzea errazte aldera, Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga (EIOZ) izoztu egingo da eta obrak egiteko bide publikoaren okupazio-tasan (aldamioak, edukiontziak…) egoera-indize bat sortuko da, lehentasunezko berroneratze gisa identifikatutako hiri-eremuak birgaitzen laguntzeko.

Etxebizitza turistikoak mugatzeko, OHZren errekargua ezarriko zaie, eta etxebizitza turistikoak ekoizle handi gisa sailkatuko dira zaborren tasan.
Azkenik, gazteentzako etxebizitza komunitarioan progresibitatea aplikatuko da, ordaindu beharreko prezioa urteko errentaren araberakoa izan dadin, gazteen emantzipazioa bultzatzeko helburuarekin.

Tokiko garapena sustatzea

Tokiko garapena udalerriarentzat eremu estrategikoa denez, hura sustatzeko neurri fiskalak aurreikusten dira. Hala nola, Jarduera Ekonomikoen Zerga (JEZ) izoztea, establezimendu berriak irekitzeko eta EOIZren hobariak handitzea Merkataritza, Ostalaritza eta lehen sektorearentzako obra eta instalazioetan.

Trantsizio ekologikoari bultzada

Trantsizio ekologikoaren esparruan hondakinen tasaren igoera da neurririk nabarmenena. Igoera hori hondakinei buruzko lege-esparru berriaren ondorioa da; izan ere, hiri-hondakinak biltzeko sistema defizitarioa ez izatea eskatzen die udalei legedia berriak.

Testuinguru honetan, etxeko hondakinen zergan %35eko igoera proposatzen da, egungo tasari 47,05 euro gehituz, zerbitzuaren egungo defizita %50 ingurukoa baita.

Hala ere, birziklapena bultzatzen jarraitzeko helburuarekin, % 27ra arteko hobariak aplikatuko dira edukiontzi marroietan (organikoa) urtean 40 irekiera baino gehiago egiten badira, eta % 10ekoak, 39 edo 10 irekiera artean egiten badira.

Hondakinez gain, motordun ibilgailuen potentziaren araberako tasen igoera progresiboa aplikatuko da, eta lurrak, betelanak eta zabortegiak egokitzeko tasaren prezioa ere igoko da.

Gizarte-kohesioa hobetzea

Beste erronka garrantzitsu bat gizarte kohesioa hobetzeko pausoak ematen jarraitzea da. Esparru horretan, tutoretzapeko etxebizitzetako eta aldi baterako bizitokietako zerbitzuen tasak izoztea proposatzen da, baita etxez etxeko arreta zerbitzuarena ere.

Gainera, Udal Euskaltegian doan eskainiko dira A1 eta A2 mailetako ikastaroak, errenta ez dadin oztopo izan euskara ikasteko.

Azkenik, kultur ekitaldietako hobariak ere gehitu dira: kultur txartela %25era eta ordenantzan jasotako beste txartel batzuk %15era (gazteak, langabeak, 65 urtetik gorakoak…), herritar guztiei kulturarako sarbidea errazteko.