Aholkuak biharko haize bortitzen iragarpenaren aurrean
Datozen orduetan haize bolada handiak espero direla eta, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak alerta laranja ezarri du Gipuzkoarako bihar, urriak 9, 12:00etatik 18:00etara, eta alerta horia bihar, 00:00etatik 21:00etara.
Haize bortitzen arriskuari aurre egiteko aholkuak
Hori dela eta, hauek dira Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurre Egiteko eta Meteorologiako Zuzendaritzaren aholkuak haize zakarra dabilenerako, ondorio txarrik ez egoteko, edo ahalik eta gehien murrizteko:
Prebentzioko neurriak:
• Itxi ateak, eta finkatu leihoak eta olanak.
• Kendu loreontziak eta kalera eror daitezkeen gauza guztiak.
Kanpoan bazaude:
• Behar-beharrezkoa ez bada, ez joan mendira adierazitako ordu horietan, eta, joan behar baduzu, babes-neurri egokiak hartu.
• Urrundu erlaitzetatik, hormetatik, zuhaitzetatik edo publizitate-hesietatik, eta kontu handiz ibili eraikitzen ari diren edo egoera txarrean dauden eraikinen aurrean bazaude.
• Aldamioak, garabiak eta obrako bestelako elementuak finkatu.
Bidaiaren bat egingo baduzu:
• Ahal bada, ez egin errepideko joan-etorririk, eta, edonola ere, aurrez neurriak hartu.
• Informa zaitez joango zaren edo igaroko zaren aldeko meteorologia-baldintzei buruz.
Itsasaldean bazaude:
• Urrundu zaitez haize gogorrek eragin ditzaketen olatuen eta mareen eragina jasan dezaketen lekuetatik.
• Ez erabili itsasontzirik, eta berrikusi horien amarrak. Ez egin uretako kirolik.
Larrialdietan, deitu 112 zenbakira.
