Beraun kalearen berroneratzea aurrera doa eta bi plaza berri ireki dituzte

Irudian: kaleko bizilagunak, Aizpea Otaegi alkatearekin eta Eneko del Amo Hirigintza zinegotziarekin batera.

Beraun kalea berroneratzeko mugarri garrantzitsuenetako bat 5 eta 15 zenbakien artean bi plaza berri sortzea da.

Obrak amaituta, plaza horiek auzotarrei ireki zaizkie, eta 1.500 m²-tik gorako egonlekuaz gozatu ahal izango dute, haurrentzako (0-3 urte) jolas berriekin eta azaleraren heren batean baino gehiagotan landaredia duena. Ostalaritza-establezimenduek terrazak konfiguratu ahal izango dituzte, espazio horiei dinamismoa emanez.

Esku-hartze horrekin, beraz, hiri-espazio bat erabat eraldatzen da, bizigarriagoa izan dadin.

Plazek oinezkoentzako izaera izango dute, eta ezinduentzako aparkalekurako eta zamalanetarako guneak jarriko dira, hiri-espazio berri horrekin modu irisgarrian konektatuta.

Obraren kostua 854.397,97 €-koa izan da.

Beraun kalea berroneratzea, azken txanpan

Bi plaza horien sorrera Beraun kalea berroneratzeko proiektuaren barruan kokatzen da, 2022 urtearen amaieran hasi zena.

Hiri-eremu zabal horren berroneratzea hiru fasetan planifikatu zen:

Lehenengo fasean, 63 ibilgailurentzako aparkaleku berri bat sortu zen, Pontikako aparkaleku berriaren osagarri. Horri esker, plazak sortu ahal izan ziren. Txakurrentzako parkea ere birkokatu zen, eta gune berde bat libratu eta egokitu zen. Horri esker, haurrentzako eta adinekoentzako jolasak jarri ahal izango dira.

Pontikaren ondoan aparkalekua egin ondoren, kalearen beheko aldea urbanizatu da, eta herriko bidegorri sarea ere handitu da.

Fase honetan esku-hartze garrantzitsuak egin dira saneamendu- eta euri-uren sarean.

Bigarren fasean, plaza berriak sortu dira 5 eta 15 zenbakien artean, eta inguruaren zati bat urbanizatu da. Halaber, autobidearen azpiko tunelean ere esku hartu da, seguruagoa eta ibilgarriagoa izan dadin.

Hirugarren eta azken fasean, irisgarritasuna hobetzeko beharrezko lanak egingo dira kale osoan, espaloiei jarraitasuna emanez eta handituz, eta ibilgailuen abiadura murrizteko neurriak sortuko dira, oinezkoen mugikortasuna seguruagoa izan dadin.

Hirugarren fase honetan egin beharreko lanak esleipen-fasean daude, eta urte honen amaieran hastea espero da.