Emakumeen Etxea Olibetera lekuz aldatuko da datorren astetik aurrera obrek iraun bitartean

Errenteriako Emakumeen Etxeak hobekuntzak egiteko obrak hasiko ditu urrian, eta aldi baterako beste udal lokal batera lekualdatuko da. Hori dela eta, urriaren 21ean mudantzagatik itxita egongo da etxea eta urriaren 22tik aurrera, eta obrek dirauten bitartean, jardunean jarraituko du Olibet kaleko 6. zenbakian dagoen udal lokalean (orain arte KZgunea eta Oarsoaldea zeuden tokian), ohiko ordutegian: astelehen eta ostiraletan, 9:00etatik 13:00etara, eta asteartetik ostegunera, arratsaldez, 16:00etatik 20:00etara.

Emakumeen Etxeak 2019an ireki zituen ateak eta 5 urteko ibilbide honek espazioaren eraldaketaren beharra erakutsi du. Horregatik, Emakumeen Etxeko Batzarretik eraikinaren erabilera, aprobetxamendua eta erabiltzaileen konfindentzialtasuna lortze aldera espazioan interbenitzea erabaki zen.

Obren ondorioz, bi gela berri irabaziko dira ikastaro, bilera eta jarduera ezberdinetarako; espazio guztiak eraikinaren barrutik lotuko dira pasillo baten bidez, eta harrera gunea zuzenean sarrerarekin konektatuko da emakumeen konfidentzialtasuna eta gela balioanitzeko jarduerekin bateragarritasuna bermatuz.

Obrek irauten duten bitartean eskainiko diren zerbitzuak

Obrek irauten duten bitartean, arreta eta harrera zerbitzuaz gain, orientazio juridiko, psikologiko eta sexologikoko zerbitzuak eskaintzen jarraituko dute Olibeteko lokalean, baita ikasketak homologatzeko aholkularitza ere.

Eskola Feministari dagokionez, bi ahalduntze-talde daude martxan: Indarkeriarik gabeko bizitzaren aldeko gunea eta zaintzaileentzako topagunea.

Eskola Feministaren gainerako jarduerak lanak amaitzean programatuko dituzte berriro.

Informazio gehiago telefono honetan 943 449 630 edo emakumeenetxea@staging.errenteria.cloud e-posta helbidearen bidez eskura daiteke.