67,9 milioi euroko aurrekontua, erronka handiei aurre egiteko
- Errenteriako Udal Gobernuak 2025 urterako udal aurrekontu proposamena aurkeztu du. 67,9 milioiko aurrekontua da, iaz baino %2,43 handiagoa.
- Lau erronka handiri erantzuteko eta Agintaldi Planean jasotako proiektuak gauzatzen jarraitzeko aurrekontuak osatu ditu Udal Gobernuak.
Aizpea Otaegi alkateak, Eneko Del Amo Ogasun eta Hirigintza zinegotziak eta Maite Gartzia alkateordeak 2025 urterako aurrekontu proposamena aurkeztu dute. 67,9 milioi euroko aurrekontua izango da, iaz baino %2,43 handiagoa.
Proposamenak azken urteetako goranzko joerari eusten dio, baina igoera leunagoa da, batez ere Udal Finantzaketarako Foru Funtsaren aurreikuspenak erlatiboki baxuagoak direlako (%2,69ko igoera) eta Next Generation funtsak 2025 urtean azken fasean sartuko direlako.
Hala ere, Udal Ogasunaren bilakaera positiboak eta proiektu garrantzitsuetarako aurreikusitako dirulaguntzek udalaren aurrekontu-sendotasuna indartzen dute eta gasturako gaitasun handiagoa lortzen dute.
Udalerriaren lau erronka handi
Aurrekontu hauekin lau erronka handiri erantzun nahi die Gobernu Taldeak. Hiria berroneratzeko proiektuak areagotzea, babes soziala handitzea, trantsizio ekologikoan sakontzea, eta kulturari bultzada berri bat ematea.
Hiria berroneratzeko proiektuetan, irisgarritasun eta mugikortasun bertikaleko proiektuak bultzatzen jarraitzen da, Pontika – Luis Mariano lotuko dituen igogailua eraikiz, Pontika – Igantzi ardatzaren barruan. Lehen fase honetarako 700.000€ aurreikusi dira aurrekontuetan.
Auzoak hobetzen jarraitzeko, proiektu garrantzitsuak jasotzen dira, hala nola Beraun Planaren azken fasea (464.000 €), Galtzaraborda Planaren hasiera Haurreskola berri baten eraikuntzarekin (300.000 €), Iztieta-Ondartxoko hiltegia birgaitzeko lanak (800.000 €), Gaztañon B Aldapa eraberritzeko proiektuaren idazketa eta auzoak hobetzeko beste proiektu batzuk.
Gainera, hiri-garbiketako eta hondakin-bilketako lanak ere indartu egingo dira, udal-aurrekontutik 4 milioi euro bideratzeraino.
Gobernu Taldeak babes soziala indartzen jarraituko du, gizarte zerbitzuen aurrekontua handituz (2024an baino %7,4 gehiago). Alde batetik, adineko pertsonengan jartzen da begirada, nahi ez den bakardadearen prebentzioa landuz eta etxez etxeko arreta zerbitzua nabarmen indartuz. Fini Rubio eraikina definitzeko prozesuari ere jarraipena emango zaio, egikaritze-proiektuaren kontratazioarekin.
Trantsizio ekologikoari dagokionez, azpimarratzekoa da ingurumenari dagokion aurrekontua nabarmen handitu dela (2024an baino % 25 gehiago). Igoera hori Ereñozuko urtegia eraistearen eta hondakinen kudeaketan hobetzen jarraitzeko apustuaren ondorio da.
490.000 € aurreikusten dira hondakin bilketa zerbitzua hobetzeko inbertsioetan. Hondakin organikoak biltzeko edukiontzi berriak ezarriko dira hauetara irisgarritasuna hobetzeko. Bestetik errefusa ixteko sarraila elektroniko berriak ere instalatuko dira.
Energia berriztagarriei dagokienez, energia aurrezteko neurriak bultzatzen jarraituko da argiteria publikoa berrituz, besteak beste.
Gainera, 800.000 € bideratuko dira berdegune berriak sortzera, hala nola Barandiaran Parkea eraikitzera, zeina gauzatzeko lanak martxan dauden, eta baita Arramendi Parkearen berrantolaketara ere.
Azkenik, mugikortasun jasangarria bultzatzeko helburuarekin, Askatasunaren Martiriak kaleko aparkaleku berria ere sortuko da, Olibet auzoko bizilagunei eta RENFEko geltokiari zerbitzua emango diena. Garraio publikorako laguntzak mantentzea ere jasotzen du proposamenak.
Azpimarratzekoa da, halaber, Kulturan dauden lan-ildoak indartzearen aldeko apustua, %3,6ko aurrekontu-igoerarekin, baita Altzaten ahotsaren eta musikaren etxea eraikitzeko lanei ekiteko aurrekontu-aurreikuspena ere (400.000 €).
Akordioak lortzeko prestutasuna
Behin Udal Gobernuak aurrekontu proposamena aurkeztuta, oposizioaren ekarpenak jasotzeko epea ireki da. Otaegiren hitzetan, “Udal Gobernuak oposizioaren ekarpenak entzun eta akordioetara iristeko borondatea du”.
Gainera, erronka handi horiei erantzuteko beharra herritar eta herriko eragile gehienen artean “partekatua” dela uste du.

