Valentziar herriari laguntzeko hainbat neurri aktibatu ditu Errenteriako Udalak

DANA ekaitzak Valentziar herria gogor kolpatu ostean, hamaika elkartasun keinu eta ekimen martxan jartzen ari dira, Valentzian bizi duten egoera gogorrari aurre egiten laguntzeko. Aipagarriak dira herriko hamaika eragilek euren aldetik hainbat material pilatu eta bidaltzeko martxan jarritako ekimenak. Horien artean dago Errenteriako Udala ere.

Udalak bi ekintza lerro aktibatu ditu laguntza bideratzeko. Alde batetik, Errenteriako Babes Zibileko Taldearekin lankidetzan jardun du, hauek euren esperientzia eta ezagutzatik lagun dezaten Montcadako Udalak egindako eskaerari erantzunez. Horrela bihar goizaldeko 04:00ak aldera Errenteriako Babes Zibileko zazpi kide Valentziara abiatuko dira, bertan egiten ari diren hainbat lanetan laguntzera. Goizean iristea aurreikusten dute Valentziara, eta larunbat goizean itzuliko dira berriro herrira.

Era berean, Babes Zibileko taldeak bost palletek osatutako material bidalketa bat ere egin du dagoeneko Valentziara.

18.000 euro tokiko elkarteei laguntzeko

Bigarren neurri bat ere aktibatu du Udalak. Zehazki gisa honetako larrialdi egoeretan laguntzeko dirulaguntza lerroa aktibatu du eta 18.000 euro bideratuko dizkie Valentzian laguntzen ari diren irabazi asmorik gabeko tokiko elkarteei. Neurri hau lotuta dago azken orduetan udalerrien elkarte ezberdinetatik helarazi duten irizpideari. Zehazki, material bidalketa ugariak sortzen ari diren logistika arazoak ikusita, eskatu baitute materiala beharrean, momentuz, laguntza ekonomikoak lehenestea.