Errenteriako Udalaren adierazpena azaroaren 25a, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna, dela eta

Argazkian: Alkatea eta udal talde guztietako ordezkariak, azaroaren 25ean Clara Rangel izendatuko den plazan.

Azaroaren 25a Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Errenteriako Udalak gaitzespen irmoa adierazi nahi du indarkeria matxistaren adierazpen guztien aurrean, eta halakoak desagerrarazteko lan egiten jarraitzeko konpromisoa berresten dugu, beste erakunde batzuekin, mugimendu feministarekin eta gizarte osoarekin koordinatuta.

Aurten, arreta jarri nahi dugu emakumeen aurkako indarkeria matxistaren diskurtso ukatzaileetan, ultraeskuina aurrerakada egiten ari den Europako eta munduko testuingurua bultzatuta sortzen baitira. Emakumeen eskubideetan izandako aurrerapenen aurreko erreakzio horrek ezereztu egiten du emakumeen eta haien inguruaren aurkako indarkeria, eta haratago ere badoa, berdintasunaren eta indarkeria matxistaren arloko lege-aldaketen biktimak gizonak direlako ustea sustatuz.

Nahiz eta gero eta sentsibilizazio eta kontzientzia kolektibo handiagoa egon emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizartearen alde –bai esparru legalean eta politikoan, bai sozialean–, gaur egungo joera neomatxista hazten ari da, batez ere mutil eta gizon gazteengan eta adin ertainekoetan, eta, bereziki, eremu digitalean. Manosfera deitu zaion eremuan, ugariak dira mezu misoginoak eta berdintasunaren aurkakoak. Ondorioz, “indarkeriak ez duela generorik”, “asmakizun ideologikoa” dela eta berdintasun-politikak “urrunegi” iritsi direla… halakoxe mezuak jasotzen ari dira gazteak eta gizartea, oro har.

Diskurtso horien aurrean, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren datuek gogorarazten digute gure gizarteak egiturazko arazo bat duela, emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean oinarritzen dena. Negazionismoa arazo globala da, eta Nazio Batuek ere alarma piztu dute berdintasunaren aurkako mehatxu gero eta handiagoez eta misoginiaren normalizazioaz ohartarazteko, batik bat, hedabide digitaletan.

Hori guztia kontuan hartuta, Errenteriako Udalean emakumeen aurkako indarkeria hutsaldu nahi duen edozein diskurtsoren aurka agertzen gara, eta honako konpromiso hauek hartzen ditugu:

• Hezkuntza komunitatean eragiten jarraitzea, gazteei zuzendutako sentsibilizazio-neurriak hartuz, egunero hainbat arlotan jasotzen dituzten mezu misoginoak, emakumeen aurkako mezu bortitzak eta berdintasunaren aurkakoak desaktibatzeko.

• Gune formal eta informaletan, eskola-komunitateari zuzendutako hezkuntza- eta prestakuntza-prozesuak indartzea, indarkeria matxistaren aurrean mezu eta jarrera ukatzaile horiei aurre egiteko eta desaktibatzeko.

• 2025eko berdintasun-aurrekontua handitzea.

• Genero-indarkeriaren aurka eta emakumeen eskubideen alde dugun konpromiso irmoa berrestea, edozein motatako indarkeria matxistari eta diskurtso ukatzaileei aurre eginez.

• Errenteriako III. Berdintasun Planean “indarkeria matxistarik gabeko bizitzak” ardatzean onartutako ekintza plana garatzen jarraitzea, indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jartzeko helburuarekin.

• Errenteriako emakumeen aurkako indarkeriaren memoria historikoa osatzen jarraitzea eta, hala, hasi den ibilbideari jarraipena ematea.

• Emakumeen Etxeak eskaintzen dituen bitartekoetan sakontzen jarraitzea, hartara erreferentziazko gune izaten jarrai dezan, ikastaro, gogoetarako espazio zein zerbitzuen bidez indarkeria pairatzen duten emakumeen harrera, arreta eta ahalduntzerako.

• Indarkeria gaietan eskumenak dituzten erakunde ezberdinen arteko lankidetza sustatzea, lehentasunez instituzio-arteko protokoloa sinatzeko saiakerari eutsiz.

• Indarkeria gaien lanketan herriko mugimendu feministarekin elkarlanean jardutea.

Berdinsareatik, eta beste sareetatik ere, udalerriek sarean ekiteko aukera indartzea, negazionismoari aktiboki aurre egiteko eta udalerriek indarkeria matxistaren aurka kolektiboki borrokatzeko egiten duten apustua berresteko.

Era berean, Emakumeen Kontrako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, mugimendu feministak Errenterian antolatuko dituen mobilizazioetan parte hartzera animatu nahi ditugu herritarrak, emakumeen aurkako indarkeria matxista mota guztien aurrean gaitzespena modu aktiboan adierazteko