2025eko aurrekontuetarako akordioa lortu dute Udal Gobernuak eta EAJk

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Eneko del Amo, Ogasuneko zinegotzia; Maite Gartzia, alkateordea; Aizpea Otaegi, alkatea; eta Elixabete Murua, EAJren bozeramailea.

Gaur arratsaldeko udalbatzan bozkatuko dira 2025. urterako udal aurrekontuak. 67,9 milioi euroko aurrekontua izango da, iazkoa baino %2,43 handiagoa eta lau erronka nagusiri erantzun nahi zaie hauen bidez: Hiria berroneratzeko proiektuak areagotzea, babes soziala handitzea, trantsizio ekologikoan sakontzea, eta kulturari bultzada berri bat ematea.

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeek osatutako Udal Gobernuak, azaro hasieran egin zuen publiko bere aurrekontu proposamena eta ordutik udalbatza osatzen duten alderdi ezberdinekin elkarrizketan aritu da, hauen ekarpenak jaso eta aurrekontu proposamena hobetzeko asmoarekin. Norabide honetan akordioa lortu dute Udal Gobernuak eta EAJ taldeak aurrekontu proposamena hobetzeko.

Horrela, Udal Gobernuak EAJk egindako proposamen gehienak txertatu ditu aurrekontuen azken proiektuan eta Udal Gobernuaren botoak aurrekontuak aurrera ateratzeko nahikoa baziren ere, EAJk abstentzioaren alde egingo du, 2025eko aurrekontuen babesa sendotuz.

405.000 euroko ekarpenak guztira

EAJk egindako proposamenetatik, 405.000 euroko ekarpenak txertatu dira aurrekontuen azken proposamenean. Zehazki, honako moldaketa hauek adostu direlarik:

– Udal Gobernuak eta EAJk izenpetutako akordioan, legengintzaldi honetan Pontika, Luis Mariano plaza eta Igantzi lotuko dituen igogailua egitea adostu dute.

– EIT eta birgaitze lanetarako dirulaguntza herri guztira zabaldu (gehienez 10 etxebizitza dituzten etxe-blokeen kasuan) eta aurrekontua 150.000 eurotara handitzea.

– Herriko puntu beltzen eguneraketa egiteko 50.000 euroko partida txertatzea, Berdintasun planean jasota dagoen 1.4.1. lerroa garatuz horrela.

– Herrian dauden etxebizitza hutsen azterketa egiteko 25.000 euroko partida txertatzea.

– Lehen sektoreko ekoizleen produktuak merkaturatzeko bideak errazteko 60.000 euroko partida bat txertatzea, kontutan hartuko direlarik lehen sektoreko eragileekin udala lantzen ari den plangintzaren ondorioak.

– Fanderiako padel pistak estaltzeko 120.000 euroko partida txertatzea.

Aurrerantzean ere, bi aldeek elkarlanean jarraitzeko borondatea adierazi dute, herriak dituen hamaika erronkei lankidetzan eta modu eraikitzailean erantzuteko.