Pasaian jazotako erailketa matxistaren inguruko erakunde adierazpena adostu du Errenteriako Udalak
- Errenteriako Udaleko talde politiko guztien artean adostutako adierazpen instituzionala, Pasaian jazotako indarkeria matxistaren biktimaren erailketa salatu eta gertaera honen aurrean mugimendu feministak Pasaian deitutako kontzentrazioarekin bat egiteko
Pasaian emakume batek jasan duen azken erailketa matxistaren aurrean, Errenteriako Udaleko alderdi politikoek, aho batez, ondorengo adierazpen instituzionala adostu dute:
1.- Errenteriako Udalak erabat gaitzesten du atzo Pasaian gertatutako erailketa matxista eta zero tolerantzia adierazten du eraso matxista guztien aurrean.
2.- Horrelako gertaerak ez ditugu gure jendartean onartzen eta erakunde gisara lanean jarraituko dugu emakumeok indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen. Halaber, Errenteriako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu, eta bereziki gizonezkoak, beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera.
3.- Errenteriako Udaletik familiari gure elkartasunik beroena adierazi nahi diogu.
4.- Udalak bat egiten du erailketa hori gaitzesteko Mugimendu Feministak gaur, abenduak 1, 12:00etan Biteri plazan, Pasaian deitu duen mobilizazioarekin eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen die eta ondorengo egunetan egon daitezkeen deialdi berrietara adi egoteko eskaera egiten du.
