Errenteriako Kulturarteko Elkarbizitzarako II. Plan Estrategikoa onartu du Udalak

2019an eratu zen aniztasunean oinarrituriko herritar bizikidetzarako lehen Plan Estrategikoa. Helburu hauxe zuen: herrian bizikide diren askotariko kulturen arteko elkarbizitza bilatzea. Orain, Errenteriako Kulturarteko Elkarbizitzarako II. Plan Estrategikoa 2024-2029 definitu du Udalak, ikasitakoa oinarritzat hartuta eta kulturartekotasunaren aldeko eredu bat sustatzeko.

Plan honek norabide partekatu bat emango dio Udalari, hurrengo urteetan kultura aniztasunaren aldeko politiketan jarraitzeko ibilbide-orria. Dokumentu honetan, bere ortzi-muga definitu du Udalak kulturarteko elkarbizitzari dagokionez: nondik begiratu nahi dien kultura aniztasunei, eta nora iritsi nahi duen.

Halaber, kultura aniztasunaren aldeko politiken jarraipena eta balorazioa egiteko mekanismoak jasotzen ditu planak, eta balioko du aztertzeko proposatutako ekintzak zein punturaino betetzen ari diren, ala ez, eta baita horren arrazoien inguruan hausnartzeko ere.

II. Plan honetan definitu diren helburu berriak lortzeko zenbait ekintza berritzaile proposatu dira. Ildo horretan, asmoa da herrian harrera egiteko protokolo bat zehaztea, baliabide tresnen gida berria diseinatzea, eta etorkizunean, harrera bulego bat edukitzeko lehen harriak jartzea.

Aldi berean, departamentuaren ekintza nagusiei eutsiko zaie, hala nola 11 Kolore jaialdia eta Giza Eskubideen jardunaldiak. Gainera, harrera herria izateko helburuarekin, hezkuntza sistemarekin elkarlanean jarraituko du Udalak.

Ikastetxeetan kulturarteko bizikidetzan sakontzeko elkartasun proiektu bat sustatuko da. Programa horrekin familia iritsi berriei komunitateko parte izan daitezen errazteko familia lagun sareak sortuko dira. Horretaz gain, DBHko ikasgeletan, aurten ere, kultura aniztasunaren lanketa egingo da elkarbizitza onuragarri baten aldeko ariketa gisa.

Plana hau Kultura Aniztasuna, Garapenerako Lankidetza eta Giza Eskubideak departamentuak sustatutako ekimena da, baina, hori gauzatzeko, beharrezkoa izango da beste eragile batzuekin batera lan egitea, bai udal mailan, bai herritar mailan. Hori dela eta, plana diseinatzeko prozesuan udaleko sailen zein kultur aniztasunarekin lotutako elkarteen hausnarketak eta proposamenak jaso dituzte.

Printzipio gidariak eta ildo estrategikoak

Errenteriako Kulturarteko elkarbizitzarako II. Plan Estrategikoak honako printzipio gidariak edo gakoak ditu: zeharkakotasuna, feminismoa eta intersekzionalitatea, parte-hartzea eta ikuspegi komunitarioa, eta kreatibitatea eta malgutasuna.

Plana errealismoz eta herriak dituen baliabideak kontuan edukiz egin dute. Ildo estrategikoak eta helburuak azaltzen dira bertan, eta baita zein ekintza zehatzen bitartez lortuko diren ere. Hauek dira aipatu ildo estrategikoak:

1. Eskubide eta aukera berdintasun erreala eta diskriminaziorik eza

2. Kulturarteko ikuspegia udal barnean eta beste erakunde batzuekiko harremanean

3. Kulturarteko bizikidetza

4. Partaidetza eta herritartasun aktiboa

Errenteriako Kulturarteko Elkarbizitzarako II. Plan Estrategikoa esteka honetan deskargatu daiteke.