Errenteriako Udaleko talde politiko guztien artean adostutako adierazpen instituzionala, emakume batek Errenteria eta Lezo artean jasandako erasoaren aurrean

Asteburuan emakume batek Errenteria eta Lezo artean jasan duen erasoaren aurrean, Errenteriako Udaleko alderdi politikoek, aho batez, ondorengo adierazpen instituzionala adostu dute:

1.- Errenteriako Udalak erabat gaitzesten du Errenteria eta Lezo artean emakume batek jasan duen erasoa eta zero tolerantzia adierazten du eraso matxista guztien aurrean.

2.- Horrelako gertaerak ez ditugu gure jendartean onartzen eta erakunde gisara lanean jarraituko dugu indarkeria matxistarik gabe bizi gaitezen. Halaber, Errenteriako Udalak herritarrak gonbidatzen ditu, eta bereziki gizonezkoak, beren jokabide eta jarrerei arretaz erreparatzera eta edonolako erasoren aurrean jarrera aktiboz jokatzera.

3.- Errenteriako Udalak erasoa jasan duen emakumeari elkartasuna eta babesa adierazi nahi dio adierazpen honen bidez. Era berean, Udalaren esku dauden eta beharrezko zaizkion baliabide guztiak jartzen ditu erasotua izandako emakumearen eskura.

4.- Udalak bat egiten du eraso hori gaitzesteko Errenteriako eta Lezoko Mugimendu Feministak bihar, abenduak 10, 19:00etan, Renfeko geltokian deitu duen mobilizazioarekin eta herritarrei bertan parte hartzeko gonbitea luzatzen die.