Olibet-Etxe Berrietan aparkalekua eraikitzeko proiektua aurkeztu du Udalak, ADIFekin akordioa lortu ostean
Olibet-Etxe Berriak auzoan kokatuta dagoen RENFEko geltokiaren ondoan, ADIFeko lurretan, egingo den aparkalekuaren xehetasunak aurkeztu ditu gaur Errenteriako Udalak ADIFekin proiektuaren inguruko akordioa lortu ostean. Horrela agintaldi planean jasotako proiektu hau 2025ean zehar garatzea aurreikusten da eta 1.056.000€ko aurrekontua izango du.
Orotara 60 aparkaleku berri irabaziko ditu herriak eta gainera trenbidearen ingurua hobetzeko bestelako lanak ere egingo dira. Tartean, proiektuak pantailen instalazioa jasotzen du eta baita hauek begetazioarekin estaltzeko aukera ere trenbideak auzoan eragiten dituen inpaktu akustikoak txikitzeko helburuarekin. Horrez gain, aparkaleku berria Zubiaurre kalearekin lotzeko oinezkoentzako lotura berri eta seguru bat ere sortuko da.
Bi kargagailu elektriko ere jarriko dira parkin berrian, baita desgaitasuna duten pertsonentzako bi plaza ere eta motoentzako aparkalekuekin batera. Horrez hain, bizikletentzako aparkaleku estali bat ere instalatuko da inguruan. Horrela, aparkaleku disuasorio funtzioa bete nahi du parkin berriak. Egunean zehar tren geltokiko erabiltzaileentzako aukera eskainiz eta gauean auzotarrentzako aparkaleku aukerak hobetuz.
ADIFekin akordioa
Azken hilabeteetan ADIFekin negoziazio prozesu bat garatu da, bere lurretan eraiki beharreko aparkalekuaren izaera zehazteko. Udalak bi soliaruko aparkalekua eraikitzeko proposamena eta eskaera egin zion ADIFi, baina honek analisi teknikoa egin ostean, solairu bakarreko aparkalekua izan behar zela ebatzi zuen. Horrela muga teknikoak kontutan izanda, bi aldeak proiektu hau garatzeko akordioa lortu dute. ADIFek lurren lagapena egitearekin batera 1.000.000 euroko ekarpena egingo dio Udalari aparkalekua eraikitzeko lanak finantzatzeko.
