Gabierrotako pasealeku berritua gaur zabalduko dute

Gutxi gorabehera 7 hilabete lanean eman ondoren, gaur berriro irekiko da Gabierrotako pasealeku berritua.

Urbanizazio-lanei esker, egoteko espazioak eta berdeguneak handitu dira, eta, aldi berean, segurtasuna hobetu da oinezkoentzako ardatz garrantzitsu horretan.
Urbanizatze-lanak bukatuta jendearentzat gaur ireki ahalko bada ere, datozen asteetan ekipamenduak instalatzeko lanak egingo dira, hala nola, komun publikoak, haurrentzako jolasak eta makina bio-osasungarriak. Lorezaintzako lan batzuk ere osatuko dira, zuhaiztiaren zati bat landatuz, adibidez.

Urbanizazio lanen kostua milioi bat euro ingurukoa izan da.

Hobekuntza esanguratsuak

Gabierrotako pasealekua Errenteriako oinezkoentzako gunerik handienetakoa da: 300 metro luze eta hektarea erdiko azalera du, gutxi gorabehera.

Berritzeak hobekuntza garrantzitsuak ekarri ditu:

Alde batetik, lurzorua erabat berritu da, itsaspena hobetuz eta putzuak sortzea saihestuz.

Pasealekuaren erdian zeuden parterreak ere kendu dira, ikusmena eta segurtasuna irabaziz.

Pasealekuko berdeguneak %36 handitu dira, eta drainatze sistema bat sortu da, ura biltzen eta lurrean infiltratzen laguntzen duena.

Oiartzun ibaiarekin ere lotuago egongo da pasealekua, sarbide berri bat jarri baitute adinekoen egoitzaren aurrean. Baranda berria iragazkorragoa da, eta, beraz, ibaiarekiko hurbiltasun-sentsazioa ere hobetzen da.

Pasealekuak egoteko hainbat gune ditu, erdialdea, egoitzaren aurreko aldea eta zubiaren ondoko aldea nabarmentzen direlarik. Horiek osatzeko, haurrentzako jolasak, makina bio-osasungarriak, mahaiak eta eserlekuak ere egongo dira. Bi iturri berri ere jarri dira pasealekuan.

Azkenik, argiteria-sarea berritu da, eta energia aurreztearen ikuspegitik eraginkorragoak diren luminariak jarri dira. Argi horiek zuhaitzetara egokitu dira, segurtasuna hobetuz eta argi-kutsadura murriztuz.

Auzoarekin batera

Udalak Gabierrotako Laguntasuna Auzo Elkartearekin eta Jesusen Bihotza egoitzako arduradunekin batera landu du pasealeku hau nabarmen hobetu duen proiektua. Pasealekua, azpimarratu dutenez, oinezkoentzat baino ez da.