Musika eta arte eszenikoen programazio zabala izango da Errenterian urtarrila eta martxoa bitartean

Adin zein gustu guztietara zuzendutako ikuskizunak eskainiko ditut udal programazioak Niessen Kulturgunean eta Lekuona Fabrikan datozen hilabeteotan.

Urtea estreinaldi batekin abiatuko da: Dejabu konpainia errenteriarrak ‘Itzulera’ antzezlan berria eskainiko du, lehendabizikoz, urtarrilaren 18an, 20:00etan, Lekuona Fabrikan. Umorez, poesiaz eta akzioz betetako antzezlana da. Konpainiak 2024an Mexikora egindako bidaia kontatzen du eta nola bertan jazotako ustekabeko gertakari batek euren abenturaren norabidea aldatu zuen.

Antzerkiak musikari egingo dio tartea eta, hilaren 25ean, Eider abeslari lazkaotarrak kontzertua eskainiko du Lekuona Fabrikan 20:00etan. Feminismotik idatzi ditu Eiderrek bere abestien letrak. Kontzertuan, popa, rocka eta elektronika zipriztinez jositako doinuak eskainiko ditu. Aurretik, Aiert oñatiarrak bere musika eskainiko du oholtza berean.

Publiko familiarrari bideratutako antzezlanan batekin amaituko da urtarrila. Pájaros pintados konpainiaren eskutik, familia bateko emakumeek belaunaldiz belaunaldi landutako oroitzapenak loratzen diren lorategi bat izango du oinarri ‘Olaiaren lorategia’ antzezlanak. Urtarrilaren 31n izango da, 18:00etan, Niessen Kulturgunean.

Otsailaren 7an, ‘Go!azen’ telesail entzutetsuan oinarritutako maitasun, gorroto eta festa abestiak eskainiko dituzte Basakabiko lagunek oholtza gainean. Ikuskizuna Lekuona Fabrikan izango da eta 18:00etan hasiko da.

Hilaren 15ean ‘Lore’ disko berria aurkeztuko du Janus Lesterrek. Berako taldeak arima beltza, elektronika edo funka darien erritmoekin beteko du Lekuona Fabrikako eszenatokia 20:00etatik aurrera.

Artedrama konpainiaren ‘Miñan’ ere iritsiko da Errenteriara. Hala, Amets Arzallusek idatzitako Ibrahima Balderen istorioa oholtza gainean ikusteko aukera izango da otsailaren 16an, 19:00etan, Niessen Kulturgunean. Ibrahima kamioi batean zebilen aprendiz Ginean, egun batean amak deitu zuen arte: anaia txikia falta zen etxean. Eta haren bila abiatu zen; Afrikatik Europarako bidea egin zuen.

Martxoaren 9an La segunda compañíak antzezlan baten barruan gertatzen den irratsaio bat eskainiko du ‘Ondas Bárbaras’ izenburupean. Niessen Kulturgunean izango da 19:00etan.

Martxoaren 29an Tanttaka teatroak ‘Mundua pitzatuta dago baina hantxe gabiltza oinez’ familiarteko antzezlana eskainiko du: alabarekin nola komunikatu ez dakien aita batek paperezko hegazkin bat bidaltzen dio egunero balkoitik agur esateko. Hegazkinetan idatzitako mezuen bidez, aitak literatura-misioak jarriko dizkio alabari.

Hiruhilabetea borobiltzeko, ‘Qué Lástima’ bere bigarren diskoaren aurkezpena egitera etorriko da Maren. Disko ausart eta pertsonala da, eta iraganaren eta egungoaren arteko oreka bilatu nahi du, rockaren eta soinu garaikideen arteko eraginak nahastuz. Hilaren 29an izango da hau ere, 20:00etan, Lekuona Fabrikan.

Ikuskizunen sarrerak salgai daude dagoeneko sarrerak.staging.errenteria.cloud webgunean, Lekuona Fabrikan eta Aldakonean. Gainera, ikuskizun bakoitzaren egunean, aretoan bertan, leihatila irekiko dute ordubete lehenago, betiere sarrerak lehenago agortu ez badira.

Kontzertuek 10 euroko prezioa dute, helduentzako ikuskizunek 9 eurokoa, eta familiei zuzendutakoek, aldiz, 3,5 eurokoa. Kultura txartelaren titularrek % 20ko deskontua izango dute.

Ikuskizun guztien inguruko informazioa kultura.staging.errenteria.cloud webgunean topa dezakete interesdunek.