Martxan da eremu tentsionatuaren izendapena, errenferentziazko prezio indizerik gabe
2024ko otsailean Errenteriako Udalak egindako eskaera urrian onartu zuen Eusko Jaurlaritzak eta gaur Estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu da izendapena. Horrela, gaur hasi eta datozen hiru urteetan gutxienez, izendapen hori indarrean egongo da eta berau luzatzeko aukera egongo da izendapena eragin duten baldintzak aldatu ezean.
Zehazki, eremu tentsionatu izendatu ahal izateko bi baldintzak betetzen ditu Errenteriak. Batetik, azken bost urteetan alokairuaren bataz besteko prezioa %17,2 igo da, KPI metatua baino %3,2 gehiago. Bestetik, Errenterian, hipotekaren edo alokairuaren kostuaren batez besteko karga aurrekontu pertsonalean edo bizikidetza-unitatean, % 33koa da bataz beste, Eusko Jaurlaritzak ezarritako muga gainditzen duelarik. Bataz besteko karga nabarmen handitzen da, gainera, alokairuan bizi diren pertsonen kasuan.
Izendapenaren ondorioak
Izendapena onartu eta argitaratuta, zenbait neurri indarrean sartu dira gaurtik aurrera:
• 5 urteko kontratua amaitutakoan, 3 urtez luzatzeko aukera, indarrean dagoen kontratuaren baldintza berberetan.
• Alokairuaren prezioa mugatuko da kontratu berrietan: kontratu berriak ezingo du gainditu egindako azken kontratuaren errenta. Legeriaren arabera kontratuak % 10 igo daitezke, 10 urtetik gorako alokairuetan, edo etxebizitzaren birgaitzearekin, energia-eraginkortasunarekin eta/edo irisgarritasunarekin lotutako hobekuntzak egin badira.
• Kontratu berrien zein indarrean daudenen alokairuaren prezioa mugatu egiten da jabea edukitzaile handia denean (5 etxebizitza edo gehiago dituenean). Prezioari aplika dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemak zehaztuko du.
• Azken 5 urteetan alokatuta egon ez diren etxebizitzetan alokatzeko kontratu berrien prezioa mugatu egingo da. Prezioari aplika dakiokeen gehieneko muga erreferentziako prezioen indizeen sistemak zehaztuko du.
Azken bi neurri hauek dira oraindik indarrean sartuko ez direnak, Espainiako Etxebizitza Ministerioak ez baitu zehaztu erreferentziazko prezioen indizea. Hori horrela, Aizpea Otaegi alkateak adierazi du: “ulergaitza da herritarrentzat hain premiazkoa den gai batekin, eta udalak bere lana egin ondoren, legeak ahalbidetzen dituen tresna guztiak martxan jarri ezin ahal izatea udalerriz gaindiko instituzioak ez direlako gai izan euren lana egiteko.”
Batzar irekiak datorren astean
Eremu tentsionatuaren izendapenak berarekin dakartzan neurrien inguruko informazioa herritarrei emateko asmoz, hurrengo asterako lau batzar ireki antolatu ditu Udalak. Otsailaren 5ean egingo dira lehenengo biak Reina aretoan, 18:00etatik 19:00etara euskaraz eta 19:00etatik 20:00etara gazteleraz. Otsailaren 6an berriz, Aldakonean egingo dira batzarrak 18:00etatik 19:00etara gazteleraz eta 19:00etatik 20:00etara euskaraz.
Etxebizitza planaren garapena
Eremu tentsionatuaren izendapenaren osagarri, Errenteriako Udalak hiru urterako Etxebizitza Plana garatzen jarraitzen du. Plan horren bidez sei eremutan eragin nahi da nagusiki, etxebizitzaren arazoari esku hartze integral baten bidez erantzuteko:
– Etxebizitzen erabilera turistikoa mugatzea.
– Etxebizitza gehiago eraikitzea, tartean etxebizitza publiko gehiago.
– Etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak indartzea.
– Gaur egungo etxebizitza parkea birgaitzeko neurriak garatzea.
– Etxebizitzarako sarbidea errazteko laguntza sistemak sendotzea.
– Erakundeen arteko elkarlana indartu eta koordinazioa hobetzea.
Arlo hauetan guztietan, Errenteriako Udala ari da dagoeneko urratsak egiten. Zentzu horretan, etxebizitzaren oinarrizko erabilera babesteko, etxebizitza turistikoen baimenen moratoria onartzea aurreikusten du hurrengo udalbatzan Gobernu Taldeak.
Bestetik, Errenteriako Udalak dagoeneko Eusko Jaurlaritzaren esku jarriak ditu bi lursail, Altzaten eta Esnabiden, etxebizitza publikoa eraiki dezan. Udalak espero du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak luze gabe abiatzea lursail horietan etxebizitzak eraikitzeko prozesua.
Hona Aizpea Otaegi alkatearen balorazioa:
