Tokiko ekonomia indartzeko bonoen erabilerak gora egin du 6. kanpainan

6. bono kanpainaren balorazioa egin dute gaur Errenteriako Udaleko eta tokiko ehun ekonomikoko zenbait ordezkarik. Aurreko kanpaina gazteei zuzendutakoa izan zen, hauen kontsumo ohituretan eragiteko asmoarekin. Azken kanpaina, ordea, ohiko formatura itzuli da eta inoizko erabilera datu handienak utzi ditu. Zehazki, banatutako 97.312 bonuetatik 67.579 erabili dira, hau da, % 69a. Horrela, bonu horiei esker herrian egin den kontsumoa, gutxi gorabehera, 700.000 eurokoa izan da, eta horietatik 337.895 euro bideratu ditu Udalak tokiko ekonomia sustatu eta herriko familiei ikasturte berriaren hasieran laguntzeko. Datu hauek esku artean, bonuen 6. kanpainaren balorazio positiboa egin dute.

Onuradun izan diren establezimenduen arloari erreparatuz, iazko kanpainarekin alderatuta ez da aldaketa nabarmenik eman. Bonoen %80 askotariko dendetan erabili dira, osasunari eta edertasunari loturiko establezimenduetan %7a, kultur eta gastronomia arloetan %5 bakoitzean eta zerbitzuetan ia %2a.

Edizio honetan, 5 euroko launa bonu helarazi ziren postaz udalerriko etxebizitza bakoitzera eta, bestetik, 18-35 urte bitarteko gazte bakoitzak beste lau bonu jaso zituen postan, gazteen erosketa ohituretan ere eragiten jarraitzeko helburuarekin.

Azken edizio honetan 198 negozio atxikitu dira programara, iazko datua ia parekatuta.

Bost urte eta sei kanpainaren ostean, eta bonuen erabileran inoizko daturik onena lortuta, ekimenak bilatzen dituen helburuen inguruko balorazio positiboa egiten du Udalak, izan ere, bonuena ekimen garrantzitsua bihurtu da tokiko ekonomia indartu, gure ehuna ezagutarazi eta herrian erosteko ohitura indartzeko.

Bonuen ordainketetan atzerapenak

Azken bonu kanpainak emaitza onak utzi baditu ere, establezimenduei egin beharreko bonuen ordainketetan zenbait atzerapen izan direla azaldu du alkateak, arrazoi teknikoak tarteko. Hori horrela, barkamena eskatu die eragindako establezimenduei eta Udala berriz ere horrelakorik gertatu ez dadin lanean ari dela gaineratu du.