Eraikuntzen Ikuskapen Teknikoari (EIT) loturiko dirulaguntzak bihartik aurrera eskatu ahal izango dira, eta berrikuntzekin datoz
Berrikuntzekin dator Eraikinen Ikuskapen Teknikoak (EIT) egiteko dirulaguntza. Aurreko urteetan hirigune historikoko eraikinak izan zitezkeen onuradunak, aurten, ordea, herri guztiko eraikinetara zabaldu da aukera, landa eremukoetara barne. EITaren ondorioz egin beharreko lanen kasuan ordea, 12 etxebizitza baino gutxiago dituzten edo/eta Hirigune Historikoan dauden eraikinek jaso ahalko dute dirulaguntza. Neurri hau aurrekontuen negoziaketan Udal Gobernuak EAJrekin lortutako akordioaren baitan jaso zen.
Dirulaguntza eskatu dezaketen eraikinen aukera zabalduta, etxebizitzen birgaitzeari bultzada berri bat eman nahi dio Udalak, etxebizitza planaren baitan jasotako helburuei erantzunez. Dirulaguntza lerroaren aurrekontua ere %50 handitu da, 150.000 eurora arteko lerroa martxan jarrita.
Errenterian eraikin gehienek 50 urte baino gehiago dituztenez eta EITa egin behar dutenez, dirulaguntzak zeregin horretan lagundu nahi du. Era berean, bizilagun-komunitate txikienetan beharrezkoak diren obrak egiten lagundu nahi da, horietan etxebizitza bakoitzaren kostuak nabarmen egiten baitu gora.
Zehazki, dirulaguntzen lerro honetara honako hauek aurkeztu ahal izango dira:
• 2025 urtean eta 2024ko abenduan eginiko ikuskapen txostena eta proiektuak, edo/eta 2025ean eta 2024ko abenduan amaitutako obrak izango dira diruz lagundu litezkeenak.
• Eraikin babestuetan egindako obren kasuan, 2024 osoan eta 2023ko abenduan amaitutakoek ere aurkeztu ahal izango dute eskabidea.
Dirulaguntzak esku-hartzearen aurrekontuaren % 50era iritsiko dira, gehienez ere 10.000 eurora arte. Babes oinarrizkoa eta ertaina dutenen kasuetan 20.000 eurora artekoa izan daiteke laguntza eta babes berezia dutenen kasuan, 30.000 eurora artekoa.
Eskaerak aurkezteko epea bihar ireki eta azaroaren 30ean amaituko da. Interesa duten pertsona edo kolektiboek Udalaren webgunean dute informazioa eskuragarri.
