Errenteriako Udalak etxebizitza turistikoetarako lizentzia berriak etetea onartu du

Errenteriako Udalak etxebizitza turistikoei lizentzia berriak etetea onartu zuen atzoko osoko bilkuran, PP ez beste udal talde guztien babesarekin. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu bezain laster jarriko da indarrean etetea.
Errenterian etxebizitza turistikoen errealitatea murritza bada ere, 2024an zehar ikusi den gorakadatik sortu da ekimena, zeinak zerikusia izan dezakeen Donostiako Udalak aurrera eraman duen arauketarekin. Gaur egun 30 etxebizitza turistiko inguru daude Errenterian, eta oraingoz kopuru hori izoztu egingo da, atzo onartutako etenaldiaren ondorioz.
Jarduera turistiko horiek ugaritzeak sortzen duen kezkak eta bizitegi-erabilera lehenetsiko duen etxebizitza-parke bat mantentzeko beharrak eragin dute neurri hori hartzea.
Era berean, etxebizitza turistikoen erregulazioari buruz Udalean jasotako kontsultak eta eskaerak gero eta handiagoak izan dira azken urte honetan ere. Eta, nahiz eta aurtengo urtarrilean onartutako jabetza horizontalaren arauaren azken aldaketak segurtasun juridiko handiagoa eskaintzen dien jabekideen komunitateei bizitegi-eraikinetan turismo-ostatu berriak ezartzearen aurka, kontutan izanda jabetza-erregistroan aholkuak emateko eta izapideak egiteko beharrak eta neurria indarrean jartzeko epeak —aurtengo apirilerako programatuta— Udalak hartutako neurriak araudia erraztu eta eraginkorrago egitea ekarriko du.
Etxebizitzaren funtzio soziala babestea
Hiri Antolamendurako Plan Orokorrak (HAPO) baimentzen duen neurri iragankorra da hau, ahalbidetzen duena etxebizitza turistiko berrien irekiera geldiaraztea Udalak plangintza berria onartu bitartean. Plangintza berri horrek erregulazio argi eta iraunkorra proposatuko du.
Beraz, Errenteria gune tentsionatu gisa izendatzeak alokairuen prezioak arautzeko ematen dituen tresnak eta Udal Etxebizitza Planaren esparruan udalerrian ezartzen ari diren neurri-sortari batzen zaio ekintza hau, etxebizitzak oinarrizko funtzioa betetzen duela ziurtatzeko.
Bestetik, jada martxan dauden etxebizitza turistikoei, 2025eko ordenantza fiskalen arabera, %150eko OHZren errekargua aplikatuko zaie eta ekoizle handiei dagokien hondakinen tasa ordainduko dute, etxebizitza horien bidez jarduera ekonomikoa gauzatzen dutelako.
