Madalenetako omendua martxoaren 1etik 31ra proposatu ahal izango dute errenteriarrek
Herritarrekin batera erabakiak hartzea beti da garrantzitsua Udalarentzat. Hain zuzen ere horrexegatik, herritarrek proposatu eta hautatuko dute Madalenetako omendua aurten ere bai.
Proposamenak egiteko epea laster zabalduko dela jakinarazi dute Udaletik; hala, martxoaren 1etik 31ra, herrian erroldatutako herritarrek, herriko eragile zein elkarteek eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek Madalenetako omendua izateko hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte. Horretarako, beharrezkoa izango da Udalak berariaz prestatutako eskaera betetzea, eta hura aurkeztea, elektronikoki edo ZU! Zure Udala arreta zerbitzuan.
Proposamenak jasota, hautagaien zerrenda egin, eta Udaleko alderdietako bozeramaileen txanda izango da, osatutako zerrenda hiru hautagaietara murriztu beharko baitute. Ondoren, hautagai horien artetik ausaz aukeratutako herritarren batzorde batek hautatuko du Madalenetako omendua zein izango den.
