Errenteria 2040 prozesua abiatu dute Udalak, herriko eragileek eta herritarrek

Errenteria 2040ra begira jarri da. Datozen hilabeteetan, herria hemendik 15 urtera irudikatzeko ariketa kolektiboa egingo dute. Aurrera begirako erronkak zehaztu eta horiei erantzuteko proiektu edo proposamenak osatuko dituztelarik.
Atzo abiatu zuten prozesua Lekuona Fabrikan egin duten ekitaldi jendetsuan.

Dozenaka herritar eta eragilek parte hartu zuten bertan. Ekitaldiak une ezberdinak izan bazituen ere, aipatzekoak dira, herriko zortzi pertsonek etorkizunaren inguruan duten euren ikuspegia partekatu zuten unea edota Aizpea Otaegi alkateak 2040ra begirako bide orria osatzeko prozesuan parte hartzeko egindako deia.

“Prozesu honen arrakasta parte hartzean datza. Ahalik eta eragile zein pertsona gehienen ideia eta ikuspegiak jasotzea funtsezkoa izango da etorkizuneko erronkei indarrez erantzuteko”, adierazi zuen Otaegik. Udalak sustatu badu ere prozesua, udala bera gaindituz, herriko eragileen eta oro har herriaren etorkizunera begirako bide orri partekatua izatea nahi dute. Ortzimuga partekatu bat, etorkizuna gaurdanik elkarrekin eraikitzeko.

Lau fase eta lau dimentsio

Prozesuak parte hartzerako momentu eta espazio ezberdinak izango ditu. Lau fasetan banatu dute urtebetez luzatuko den prozesua. Lehenengo fasean, prozesuaren prestaketa lanak egin dituzte eta aurreko planaren balantzea osatzeko ere baliatu dute. Behin aurreko planaren balantzea partekatuta, gaur egungo egoeraren diagnostikoa eta aurrera begirako erronken identifikazioa egitea izango da bigarren fasearen helburua. Hirugarren fasean berriz, aurrez zehaztutako erronkei erantzuteko proposamenak egiteko tartea zabalduko da. Azkenik, laugarren eta azken fasean Errenteria 2040 prozesuaren ebaluazioa eta honen emaitzak neurtzeko adierazleak osatuko dira.

2040ra begirako plana, lau dimentsiotan ardaztuko da: herritarren ongizatea, komunitate izaera, hiriaren antolaketa eta gobernatzeko modua. Horrela herriaren garapenerako bide orria ikuspegi integralarekin gorpuztu nahi da.

Diagnostikoa osatzeko 8 lan saio ireki egingo dira martxoa eta apirilean zehar. Horietatik lau eragileei zuzendutakoak izango dira eta beste lau herritarrei. Saio horietan izena emateko aukera eta prozesuaren inguruko informazioa staging.errenteria.cloud/2040 helbidean jarri dute eskuragarri.

Eragileen bilerak:

– Herritarren ongizatea | Martxoak 18 | Reina Aretoa | 18:00

– Komunitate izaera | Martxoak 26 | Reina Aretoa | 18:00

– Hiriaren antolaketa | Apirilak 1 | Reina Aretoa | 18:00

– Gobernatzeko modua | Apirilak 8 | Reina Aretoa | 18:00

Herritarren bilerak:

– Herritarren ongizatea | Martxoak 19 | Agustinak Zentroa | 18:00

– Komunitate izaera | Martxoak 27 | Pontikako Auzo elkartea | 18:00

– Hiriaren antolaketa | Apirilak 2 | Aldakonea | 18:00

– Gobernatzeko modua | Apirilak 9 | Reina Aretoa | 18:00

Errenteria 2025 plana

Aurrera begira jartzeaz gain, ekitaldi hau baliatu dute Errenteria 2025 planari itxiera emateko. 2013-2014 urteetan zehar herriko eragile eta pertsona ugariren ekarpenekin osatu zen planak garapen handia izan duela ondorioztatu dute egindako lehen ebaluazioan. Herriaren eraldaketarako mugarri garrantzitsua izan dela azpimarratu dute, eta plan horren garapen proposamen gisa, gorpuztu diren hainbat proiektu ere nabarmendu dituzte. Lekuona Fabrika, Emakumeen Etxea, Aldakonea, Herri Arte eskolaren eraldaketa, Oiartzun Ibaiaren ingurua biziberritzea, Atlantikaldia, Bizi Errenteria bonoak… proiektu eta egitasmo ugari herrian eragin sakona izan dutenak.