Errenteriako Udalak oso positibotzat jo du Topoaren Galtzarabordako geltoki ingurua estaltzeko proiektua idazteko lanak hasi izana
“Eskaera historiko bati erantzuten dion lorpen kolektiboa da Eusko Trenbide Sareak (ETS) Galtzaraborda eta Alaberga arteko trenbide eta estazio ingurua estaltzeko proiektuaren idazketa lehiaketara atera izana. Horregatik, Udaletik oso berri ona dela uste dugu”, adierazi du Aizpea Otaegi alkateak.
Eraikitzen ari diren tunel berriaren eta geltokiaren arteko ingurua estaltzea, ingurune hori biziberritzeko pauso garrantzitsua izango da. Eskaera historikoa izan da lubaki hori estaltzeko proiektua, eta tunel berria eraikitzeko lanek inguruko auzotarrengan eraginak handitzen zituela ikusita, azken hilabeteetan herritarrek mobilizazioak eta ekimenak garatu dituzte Eusko Jaurlaritzari eskatzeko estaltzeko proiektua martxan jar zezala. Besteak beste, iazko urrian 1.500 sinadura baino gehiago bidali zizkioten auzotarrek Eusko Jaurlaritzari.
Horrela, alkateak herritarren lana ere goraipatu eta eskertu du, “hau azken hilabete luzeetan herritarrek egin duten lanaren emaitza ere bada”. Horrez gain, “modu diskretuan bada ere, auzotarrak, ETS eta Udala elkarrizketan aritu gara azken hilabeteotan arazo honi irtenbide bat emateko elkarrekin, eta, beraz, elkarrizketa horien emaitza ere bada proiektuaren idazketa prozesua martxan jarri izana.”
Lehen pausoa Topoaren integraziorako
Galtzarabordako ingurunea estaltzeak topoak Errenterian eragiten dituen afekzioak modu agerikoan gutxituko baditu ere, alkatearen hitzetan, hau lehen pauso bat izan behar da. “Mugarri garrantzitsua da hau, topoak Errenterian duen trenbidea hirian integratzeko bidean” adierazi du alkateak eta ETSri elkarlanean jarraitzeko eskua luzatu dio. “Galtzarabordaren kasuan egin bezala, aurrerantzean ere elkarlanean jarraitzea izango da herritarren beharrei erantzuteko modu egokiena”, adierazi du.
