2025eko martxoaren 8rako adierazpen instituzionala

Gaur, 2025eko martxoaren 8an, Emakumeon Nazioarteko Eguna den honetan, Beijingo Adierazpena eta Ekintza Plataformaren 30. urteurrena ere badugu. Hiru hamarkada bete dira, beraz, emakume eta neska guztien ahalduntzea eta giza eskubideak gauzatzeko munduko ibilbide-orria abian jarri zela, baina gaurko hau, lortutakoa ospatzeko egunetik haratago, honaino iristeko borroka egin duen mugimendu feministaren eta norbanakoen lana aitortzeko eta aurrera begirako erronkak mahaigaineratzeko eguna da.

Azken 3 hamarkadetan aurrerapauso handiak eman dira, baina bilakaera desorekatua izan da eta oraindik munduko herrialde bakar batek ere ez du lortu emakumeen eta gizonen arteko genero-berdintasuna. Hala eta guztiz ere, berdintasun-indizeek adierazten dute aurrerapen nabarmena izan dela berdintasun-politiken araudi- eta erakunde-garapenak eta mugimendu feministaren bultzada etengabeak bat egin duten testuinguruetan.

Eta, hala, Errenteriako Udalean ildo horretan lan egiten jarraitzeko dugun konpromisoa berretsi nahi dugu. Jakitun, bidea marrazten segitzeko, erakundeak koordinatu behar direla, eta bideak irekitzen jarraitu, herritarrek erabaki publikoetan eraginkortasunez parte har dezaten. Behar bezala aurre egin behar diogu daukagun erantzukizun publiko handiari, sinetsita baikaude politika publikoek emakumeen ahalduntzea ekarri behar dutela.

Beraz, Errenteriako Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

• Sustapen-egiturak behar adina baliabide eta langilez hornitzea, berdintasunerako eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko politikak garatzeko, Berdintasunerako Politika Publikoen Kalitate Estandarren arabera.

• Genero-zeharlerrotasun estrategian sakontzen jarraitzea.

• Erabakiak hartzea tokiko gobernuetan emakumeek eta gizonek berdintasunez parte hartzea eta eragitea erraztuko duten baldintzak sortzeko.

• Tokiko arreta- eta koordinazio-protokoloak eguneratzea, emakumeen aurkako indarkeria matxistaren biktimak eta bizirauleak onbideratzeko.

• Errenteriako talde feminista eta emakume elkarteekin etengabeko komunikazioan jardutea, berdintasunaren aldeko eta indarkeria matxistaren aurkako tokiko politikak diseinatzeko eta ebaluatzeko, Berdintasunerako kontseilua horretarako baliatuz.

• Aldian-aldian kontuak ematea berdintasunari eta indarkeria matxistaren aurkako borrokari buruzko tokiko ekintza-planetan jasotako agenda feministari dagokionez.

• Berdintasunerako barne planean jasotakoa aurrera eramatea, besteak beste, berdintasun gaietan trebatzea, administrazio jardueran genero-ikuspegia benetan txertatzea ahalbidetuko duen jakintza praktikoa bermatzeko.

Bukatzeko, Errenteriako Udalak herritar guztiei dei egiten die Mugimendu Feministak gaur, martxoaren 8an, arratsaldeko 18:00etan Herriko Plazatik abiatuta antolatu duen manifestazioan parte hartzera.