Madalenetako omendua hautatuko duen batzordea osatzeko gonbidapenak bidali ditu jada Udalak


Datozen egunotan, ausaz aukeratutako 16 urtetik gorako 800 errenteriarrek Madalenetako omendua hautatzeko batzordea osatzeko gonbidapen gutuna jasoko dute.

Udal errolda erabilita, eta betiere adina eta generoa kontuan hartuta, egin du zozketa Udalak eta horren arabera bidali dituzte gutunak. Gonbidapena onartzen dutenekin sortuko da taldea.

Hala ere, ordenantzak adierazten duen moduan, talde hori 16 eta 20 pertsona artekoa izango da. Ondorioz, parte hartzeko gonbidapena onartu dutenen kopurua hori baino altuagoa balitz, horien artean bigarren zozketa egingo litzateke.

Gutuna jaso dutenek baieztatu edo ezeztatu beharko dute parte hartzea martxoaren 20a baino lehen staging.errenteria.cloud/herritar-batzordea helbidean aurkituko duten formulario erraza beteta edo ZU! Zure Udala zerbitzura deituta (943 449 600 / 010).

Herritar batzordearen zeregina Madalenetako omendua nor izango den erabakitzea izango da. Izan ere, martxoaren 31a arte herritarrek hautagaiak proposatzeko aukera izango dute eta zerrenda hori hiru hautagaietara murriztu beharko dute Udaleko alderdietako bozeramaileek. Hautagai horien artean bakarra aukeratu beharko du batzordeak.

Horretarako bi bilera egingo ditu, lehena maiatzean.

Errenteriako Udal arduradunek bereziki animatu nahi dituzte herritarrak prozesu honetan guztian parte hartzera euren proposamenak udalari helarazita edo, gonbidapena jasotzekotan batzordean parte hartzera animatuta.