Udalak herritar guztiak deitu ditu etorkizuneko Errenteria zehaztera

Errenteria 2040 prozesua joan den astean abiarazi zen Lekuona Fabrikan egindako ekitaldi jendetsuan, orain udalak herritar guztiak deitu ditu datorren astean hasiko diren saio irekietan parte hartzera.

Prozesuaren lehenengo fase honetan, martxoan eta apirilean zortzi lan-saio gauzatuko dira, horietatik lau eragileentzat eta beste lau herritarrentzat. Horien partaidetza bideratzeko, saio bakoitzak gai zehatz bat jorratuko du etorkizuneko Errenteriaren zutabe nagusiak zehazte aldera: Herritarren ongizatea, Komunitate izaera, Hiriaren antolaketa eta Gobernatzeko modua. Gai horiek modu berezituan jorratuko dira bina saiotan, bat herritarrei bideratuta eta bestea eragile sozial, kultural eta ekonomikoei. Herritarren saioak, hurrenez hurren, martxoaren 19an eta 27an eta apirilaren 2an eta 9an izango dira; eragileei zuzendutako saioak, berriz, martxoaren 18an eta 26an eta apirilaren 1an eta 8an egingo dira.

Herritarrekin egingo den lehen lan-saio irekia martxoaren 19an izango da Agustinak Zentroan, eta bertan herritarren ongizateari buruzko gogoetak partekatzeko aukera izango da. Deialdi irekia izanik ere, lanaren antolaketarako gomendagarria da saioetarako izena ematea prozesuaren beraren webgunean egitea: staging.errenteria.cloud/2040.

2040 helburu

Joan den martxoaren 6an abiarazi zen Errenteria 2040 udalerriaren plan estrategiko berria idazteko prozesua. Lekuona Fabrikan jazotako ekitaldian udalak, herriko eragileek eta herritarrek parte hartu zuten. Datozen hilabeteetan Errenteria hamabost urte barru nolakoa izatea nahi duten irudikatzeko ariketa kolektiboa egingo dute.

Prozesuaren mamia zein den jakina da, datozen hamarkadetarako hiri-eredua definitzea, aurrera begirako erronkak zehaztea eta etorkizunari helktzeko proiektuak diseinatzeko norabide partekatua marraztea. Errenteria 2040 planak ikuspegi integrala landu nahi du, eta hori dela eta, herritarren ongizatea, kohesio komunitarioa, hiri-antolaketa eta gobernantza eredu berritzaileak uztartuko ditu hausnarketa prozesuan.

Hori lortzeko, bi fasetan banatutako prozesu parte-hartzailea garatuko da. Lehenik, aurreko planaren balantzea eta herriaren diagnostiko gaurkotua egingo da, azken urteetako esperientziak eta lortutako emaitzak aztertuz. Horrez gain, etorkizuneko erronkak ere identifikatuko dira. Horrela, udara ostean abiatuko den bigarren fasean, aurrez definitutako erronkei erantzuteko proposamenak landuko dira.