Pontika eta Igantzi lotuko dituzten igogailuak aurkeztu ditu Udalak

Errenteriako Udalak atzo aurkeztu zuen Pontika eta Igantzi eta Luis Mariano plaza lotuko dituen igogailuaren proposamena, inguruko hainbat auzo elkarterekin partekatu ostean.

Gogoratu behar da, Gobernu Taldearen 2023-2027 Agintaldi Planak bai Igantziri bai Luis Marianori oinezkoen konektibitatearen ikuspegitik igogailu berriak eraikiz erantzutea jasotzen bazuen ere, proiektu honen garapena urte honetan bertan lehenestea ere Udal Gobernua osatzen duten taldeek EAJ-PNV taldearekin 2025eko aurrekontuen esparruan lortutako akordioaren emaitza dela.

Pontika eta Igantzi lotuko dituzten igogailu berriek ere zerbitzua emango dute oinezkoentzako ibilbide irisgarri baten bitartez Luis Mariano plazara eta Beraungo igogailuetara, Galtzarabordako topoaren geltokira eta Udal Euskaltegira.

Beraungo Juan Crisostomo de Arriaga kalea ere oinezkoentzako ardatz berri horrekin lotuta geratuko da, eta etorkizunean Miguel de Zabaleta eremuarekin lotura irisgarri bat egitea ahalbidetuko du.

Bi fasetan eraikitzea aurreikusten da. Lehenengoan, Pontika eta Luis Mariano lotuko dituen igogailua eraikiko dute. Bigarren fasean, Igantziri zerbitzua emango dion bigarren igogailua eraikiko dute.

Lehen faseko lanak urte honen amaieran hastea aurreikusten da, eta lanek urtebete inguru iraungo dute. Lanek irauten duten bitartean, bigarren faseko proiektua idatziko da, obrak 2027an has daitezen.

Igogailuak eraikitzeko gutxi gorabehera 2 milioi euroko aurrekontua aurreikusi da.

Auzokideekin landutako proposamena

Joan den uztailean ezohiko auzo batzarra egin zuten Igantzin, eta Udalak orain arte aztertutako alternatiba ezberdinak azaldu zituzten bertan.

Bilera horretan argi geratu zen, azaldutako proposamenen artean, Igantzi eta Pontika lotuko zituen alternatiba zela interes gehien piztu zuena.

Alternatiba hori, gainera, bateragarria da Pontika Luis Mariano plazarekin eta Beraungo gainerako igogailuekin lotzeko Agintaldi Planean jasota zegoen proposamenarekin.

Bilera horretatik aurrera, behar desberdinak bateratuko zituen eta ahalik eta pertsona gehienei zerbitzua emango zien irtenbide bateratu eta integral bat lantzeko konpromisoa hartu zuen Udalak eta konpromiso horren emaitza da aurkeztutako proiektua.

Irisgarritasuna hobetzeko beste jarduera batzuk Igantzin

Errenteriako Irisgarritasun Planak, irisgarritasuna hobetzeko igogailuak eraikitzeaz gain, beste esku-hartze txikiago batzuk ere jasotzen ditu, hala nola atarietan irisgarritasuna hobetzeko arrapalak eraikitzea.

Zentzu horretan, Igantzi auzoko hainbat eraikinetan irisgarritasuna hobetuko duten bi lan lizitatzen ari dira: Galtzaraborda hiribidea 30-31 eta Igantzi kalea 9-11.

Lan hauek datozen hilabeteetan hastea aurreikusten dute.