Iztieta eta Altzate lotzen dituen zubi berria erabat irekiko da oinezkoentzat eta bizikletentzat martxoaren 31n
Altzate auzo berria martxan jartzen ari da pixkanaka. Duela hilabete batzuk sartu ziren lehenengo pertsonak auzoko Lezo zatira bizitzera eta datozen asteetan Altzateko Errenteriako etxebizitza berrietan sartuko dira. Horregatik, Udalak hainbat neurri hartuko ditu auzo berriaren mugikortasuna eta Iztieta – Ondartxorekin duen harremana antolatzeko eta definitzeko.
Auzo batzarrean aurreratu zen bezala, alde batetik Iztieta eta Altzate lotzen dituen zubi berria erabat irekiko da. Zubi hori oinezkoentzat eta bizikletentzat izango da, baina zerbitzuetarako eta larrialdietarako erabili ahal izango da. Urte hasieratik zubiaren alboak irekita daude pertsonen joan-etorria ahalbidetzeko, baina orain osorik irekiko da. Zubian eserlekuak jarri dira, egonaldia errazteko, eta erdialdean loreontziak eta landaredia ipini dira.
Baimendu gabeko ibilgailu motordunen joan-etorria debekatuta egongo da zubi berrian. Hori dela eta, herriko beste toki batzuetan bezala, matrikulak irakurle bidezko zaintza jarri da. Erabaki honen helburua da Iztieta auzoaren barruan ibilgailuen trafikoa ez handitzea eta, aldi berean, Oiartzun ibaiaren bi aldeak lotzen dituen oinezkoentzako ardatz bat sortzea, mugikortasun jasangarria errazteko.
Altzate TAOren 2. eremuan sartu da
Aparkalekuen kudeaketari dagokionez, hiri-garapen berriaren ondorioz sortutako plaza berriak TAOren 2. eremuan sartuko dira. Horrela, Altzate Iztieta-Ondartxorekin integratuko da unitate bakarra sortuz, eta Iztieta-Ondartxoko bizilagunek Altzaten aparkatu ahal izango dute. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratzen denean aktibatuko da TAO zerbitzua Altzaten.

