Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketaren II. edizioa martxan da

Gaur, martxoaren 21, Poesiaren Munduko Eguna da. Horri lotuta, eta iaz izan zuen harrera ona baloratuta, Lekuona Fabrika Poesia Lehiaketaren II. edizioa martxan jarri du Errenteriako Udalak. Hala, deialdi berriaren oinarriak argitaratu dituzte eta poemak aurkezteko epea zabaldu.

Sari nagusia ondorengoa izango da: ekainean 24-25 ikasturtean Sihara Nuño poetaren tailerrean sortutako poesia lanekin argitaratuko den ‘Lekuona Fabrika Antologia Poetikoa’ (fisikoki zein digitalki) argitalpenaren parte izatea.

Bi modalitate izango ditu lehiaketak, bata euskarazkoa, eta bestea, gaztelaniazkoa.  Aurtengo berezitasun gisa, modalitate bakoitzean, adin tarte desberdinetako herritarrei zuzendutako 2 kategoria zabaldu dituzte: 16tik 35 urte bitarteko poeta gazteentzat bata, eta bestea, 36 urtetik gorakoentzat.

Oinarriak berdinak dira kasu guztietan:

  • Edonork hartu ahal izango du parte.
  • Gaia librea da.
  • Lanek, gehienez, orrialde bateko luzera izan dezakete.
  • Parte hartzen duen pertsonak, adin tartea zehaztu beharko du: 16-35 urte edo 36 urtetik gora.

Behin hori guztia kontuan hartuta, edukia presentzialki nahiz emailez entregatzeko aukera egongo da, apirilaren 26ra arte, hurrengo xehetasunekin:

Presentzialki, Lekuona Fabrikan:

  • Gutunazal batean:
    • Datu pertsonalak eta kontaktukoak
    • Poesia lana
  • Gutunazal kanpoaldean: “Poesia lehiaketa-Concurso de Poesía” idatzi

Emailez, biblioteka.lekuona@staging.errenteria.cloud helbidera:

  • Mezuaren gaia: “Poesia lehiaketa-Concurso de Poesía”
  • Mezuaren gorputza: Datu pertsonalak eta kontaktukoak
  • Mezuan atxikita: Aurkeztuko den lana, dokumentu gisa.

Lanak jatorrizkoak eta argitaragabeak izan behar dira. Edozein kalte edo erreklamazio izanez gero, parte-hartzaileek izango dute ardura osoa; antolatzaile eta babesleek ez dute inolako erantzukizunik izango. Idazlearen datuak ezingo dira olerkian atera.

Esan bezala, lan irabazleak ‘Lekuona Fabrika Antologia Poetikoa’ antologia liburuan argitaratuko dituzte eta, gainera, bestelako sari hauek ere banatuko dituzte:

    • Lehenengo sariei: antologiaren 3 ale, poesia liburu sorta bat eta liburutegiko opari kit-a.
    • Bigarren sariei: antologiaren 2 ale, poesia liburu sorta bat eta liburutegiko opari kit-a.

Epaimahaia antolatzaileek aukeratutako pertsonek osatuko dute eta hauen erabakiak apelaezinak izango dira.

Irabazleak datorren maiatzaren 12an jakinaraziko dituzte.

Ikus oinarriak hemen: LEKUONA FABRIKA POESIA LEHIAKETA 2025