Ehundik gora herritar jardun dira ekarpenak egiten Errenteria 2040 prozesuaren diagnostikoan
Ehundik gora herritarrek eta eragilek parte-hartu dute Errenteria 2040 prozesuaren testuinguruan egin diren partaidetza saio irekietan. Diagnostikoaren fase honetan, pertsonen ongizatea, komunitate izaera, hiriaren antolaketa eta udalaren eta herritarren arteko harremanak izan dira aztertu eta eztabaidatu diren gai nagusiak
Errenteria 2040 prozesuaren helburua hemendik 15 urterako Errenteria irudikatu eta ortzimuga horretara iristeko plana osatzea da. Plan honek izaera estrategikoa izango du eta bere sortze prozesuan ezinbestekoa izaten ari da herritar antolatuen zein banakoen ekarpena. Prozesua diagnostikoa eratzeko fasean dagoenez, udalak egindako datuen bilketa herritarrekin kontrastatu berri dute lantaldeko kideek.
Hilabete inguru iraun duen partaidetza saioen sortan gorago aipatutako gaiak jorratu dira. Saiootan herritarren, elkarteen eta zenbait eragileren ezagutza, irakurketa eta inpresioak bildu dira diagnostikora. Zehazkiago herriaren indarguneak eta hobetzeko aukerak izan dira lansaio hauetako ardatzak. Hitzordu horietako batzuk eragileei zuzendutakoak izan dira eta beste batzuk herritarrei, tartean ausaz parte hartzera deituak izan direnei.
Datozen asteetan, diagnostikorako informazioa eta ekarpenak jasotzen jarraituko du udalak eta, azterketa sakonagoaren zain, azkeneko asteetan izandako prozesuaren aurrerapen gisa esan liteke herritarrek zenbait aldagai nabarmendu dituztela indargune gisa, besteak beste, herritarrek Errenteriarekiko duten atxikimendua, udalerriko eragileen izaera aktiboa, azkeneko urteetan eraiki diren igogailuen sarea edota udalak jarrera irekia erakutsi izana proposamenak jasotzeko eta eragileekin hitz egiteko.
Hobetzekoen artean, berriz, aipa litezke herritarren beraien parte-hartzea eta zibismoa, auzoetarako deszentralizazioa, etxebizitzarekin eta osasunarekin loturiko gaiak eta zenbait udal baliabide gehiago ezagutzeko ekintzak.
Jarraipena eta hurrengo faseak
Azken hilabeteko saioen ekarpenak eta horren zein beste azterketen ondorioz sortuko diren dokumentuak ikusgai egongo dira datozen asteetan https://staging.errenteria.cloud/2040 helbidean. Gune horretan bertan ere, prozesu honen agenda eta bestelako edukiak ikusi ahal izango dira.
Besteak beste, prozesuaren faseak aurkezten dira bertan. Prozesuak parte hartzerako momentu eta espazio ezberdinak izango ditu. Lau fasetan banatu dute urtebetez luzatuko den idazketa prozesua. Lehenengo fasean, prozesuaren prestaketa lanak egin dituzte eta aurreko planaren balantzea osatzeko ere baliatu dute. Behin aurreko planaren balantzea partekatuta, gaur egungo egoeraren diagnostikoa eta aurrera begirako erronken identifikazioa egitea izango da bigarren fasearen helburua. Honen parte da herritarrekin batera eta aste honetan bukatu den parte hartze saio sorta.
Hirugarren fasea, berriz, udazkenerako espero da eta orain atzematen ari diren erronkei erantzuteko proposamenak egiteko tartea izango da. Azkenik, laugarren eta azken fasean Errenteria 2040 prozesuaren ebaluazioa eta honen emaitzak neurtzeko adierazleak osatuko dira.
