Auzoetako jaietan, ‘Auzo erosoa’ lelopean, indarkeria matxistarik gabeko jaien aldeko kanpaina aurkeztu dute Udalak eta zenbait auzo elkartek

Emakumeek eta LGTBI+ pertsonek bizitzako eremu guztietan, eremu publikoan barne, eta bereziki jai eta aisialdi testuinguruan pairatzen dituzten diskriminazio egoerez eta erasoez jakitun, Udalak neurriak hartu ditu indarkeria matxistarik gabeko jaien alde.
2022an Madalenetan martxan jarri zen indarkeria matxisten prebentziorako eta sentsibilizazio kanpaina auzoetako jaien errealitatera egokitu du Errenteriako Udalak. Madalenetako kanpainaren inpaktua eta herrian duen harrerarengatik, kanpainaren iruditegia eta mezu nagusia mantendu, baina auzoetara gertutasuna izan nahi duen kanpaina diseinatu da.
Kanpaina egokitzeko iaz hausnarketa eta sentsibilizazio saioa antolatu zen auzo elkarteekin eta horren emaitza Auzo erosoa leloa duen kanpaina izan da.
Auzo bakoitzaren errealitatea eta beharrak ezberdinak direnez, aurkeztu den kanpaina baliagarria izan nahi du tokian tokiko duen errealitatearen arabera baliatzeko.
Kanpainak ondorengo baliabideak izango ditu:
– Kartel orokorra euskaraz eta elebitan, auzoan zehar jartzeko. Kartelak QR kode bat du eta eskuorrira eramaten zaitu.
– Eskuorria informazio orokorrarekin.
– Protokoloa, jaietan lanean daudenentzako. Bertan erasoak prebenitzeko gomendioak biltzen dira. Garrantzitsua da jaietan lanean egongo diren pertsona guztiek protokoloaren berri izatea.
–Txapak “Nirekin eroso” · “Cuenta conmigo”, jaietan lanean egongo diren erreferentziazko pertsonak identifikatzeko balioko dute, edozer gertatuz gero jendea haiengana gerturatu daitezkeela adierazteko.
– Logoa. Kanpainarekin bat egiten baldin bada, Kultura Kreaktiboaren eta Udalaren logoarekin batera kanpainarena txertatzea proposatzen da.
Kanpainak bi helburu estrategiko ditu. Alde batetik, Errenteriako Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako III. Planean indarkeria matxistarik gabeko herria lortzeko ardatzean zehaztu zen jaien testuinguruan sentsibilizazioa lantzea erasoak gertatu daitezen prebenitzeko. Eta, bestetik, 2023-2027 Agintaldi Planean definitu zen erasorik gabeko jaien lanketa integralean sakontzen jarraitzeko proiektuari erantzutea.
Beraz, kanpainak auzoetako jaietan erasorik gabeko jaien alde abian jartzen den lehen urratsa izan nahi du.
