Herritarrek Arantxa Otegi baserritarra aukeratu dute Madalenetako omendu
Ausaz eratutako 19 herritarren batzordeak Arantxa Otegi, Larreaundi baserriko baserritarra, hautatu dute 2025ko Madalen jaietako omendua izateko. Herritarrek proposatu eta herritarrek hautaturiko omenduak herriko jaietako txupina botatzeko ohorea izango du. Otegi zehazki izendatu badute ere, proposamena egin dutenek bere pertsona eta irudia baliatu nahi izan dute herriko baserritarrak oro har aintzatesteko.
Erabakia hartu duten herritarrek hiru argudio nagusi nabarmendu dituzte aintzatespena erabakitzeko garaian. Hain zuzen ere, aniztasuna, lan ixilaren bidez herriari egindako ekarpena eta Otegiren kasuan emakumeen ekarpena aipatu dituzte euren erabakia udal alderdi politikoei azaltzerakoan.
Aniztasunaz hitz egitean gure herrian bertan landa eremuak ere aniztasuna dakarrela adierazi dute. Lan ixila azaltzean, berriz, natur ingurunearen zaintza, kalitatezko elikagaiak ekoiztea eta bertatik bertara produktuak merkaturatzea izan dituzte hizpide. Eta azkenik, herritarren batzordeak Otegiren irudia baliatuta emakumetasuna ere omendu nahi izan du, emakume hauen ezaugarriak berak gorpuzten dituelako.
Aukeraketa sistema hau duela bi urte onartu zen herriko jaietan omenaldi sariak emateari buruzko ordenantza arautzailearen ondorioa da. Araudi hau iaz sartu zen indarrean eta bere ekarpenen artean daude omendu proposamenak egiteko aukera herritar orori zabaltzea eta azken erabakia ausaz aukeratutako herritar batzorde baten esku uztea. Madalen jaiak herrikoiagoak izatea ez ezik, horrelako ekimenek bilatzen dute herritarrak udal kudeaketan parte hartzea modu berrietan.
Erabakitze prozesua
Martxoaren 1etik 30era, herrian erroldatutako herritarrek, herriko eragile zein elkarteek eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek Madalenetako omendua izateko hautagaiak aurkeztu ahal izan zituzten. Aukeraketa moduaren bigarren urte honetan, 13 hautagaitza aurkeztu ziren.
Proposamenak jasota, hautagaien zerrenda egin zuten udalaren zerbitzu tekniko juridikoek eta 13 hautagaitza horietatik hiru baztertu zituzten ordenantzan jasota dagoen moduan, lehenago ere aintzatespen hori jaso dutelako, hau da, dagoeneko txupina bota izan dutelako.
Hamarreko zerrenda hori hirura jaitsi zuen Udaleko alderdietako bozeramaileen batzordeak, osatutako zerrenda hiru hautagaietara murriztu behar baitzuten, beti ere ordenantza berriaren prozedura jarraiki. Zerrenda hau ausaz aukeratutako herritarren batzordearen esku utzi zen eta berak erabaki du Arantxa Otegi izatea 2025ko omendua.
Herritarren batzordearen ibilbidea
Udal errolda erabilita, eta betiere adina eta generoa kontuan hartuta, zozketa egin zen 16 urtetik gorako biztanle guztien artean 800 pertsona aukeratzeko. Pertsona hauek informazio-gutun bat jaso zuten, eta gonbidapena onartu zutenak asko izan zirenez, bigarren zozketa egin zen. Guztira 19 pertsonak hartu dute parte talde honetan.
Talde honek maiatzaren 7an eta 14ean bilerak egin ditu. Lehenengoan alkateak ongi etorria eman eta aukeraketa egiteko enkargua egin zion taldeari. Ondoren, herritarrak eta prozesuaren dinamizatzaileak bakarrik gelditu ziren eta behin omendua aukeratzeko irizpideak aztertu eta adostuta ezagutu zuten bozeramaleen batzordeak hautatutako hirukoa.
Bigarren saioan, berriz, aukeraketa egin zuen herritar taldeak eta, argudioak adostuta, bileraren bukaeran agertu ziren udal alderdien ordezkariei jakinarazi zieten euren erabakia. Herritarrek hartutako erabaki hau maiatzaren 27an egingo den plenoan ere jakinaraziko da.
