Barandiaran parkea eraikitzeko bigarren fasea irailean hasiko da
- Errenteriako Udalak obren bigarren fasea kontratatzeko espedientea hasi du
2024ko irailean, obra hasi zenean, azaldu zen bezala, etorkizuneko Barandiaran parkearen eraikuntzak 3 fase ditu.
Obraren lehen fasean, irailean hasitakoa, parkea definitzeko eta errekaren ibilgua berreskuratzeko beharrezko lur-mugimenduak egin dira, eta, aldi berean, lurzoruen deskontaminazioaren jarraipena egin da, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak ezarritako jarraibideen arabera.
Aldi berean, ingurumen-irizpideak eta parametro hidraulikoak landu dira URA Agentziarekin. Irizpide eta parametro horiei esker, Pekin errekastoaren ibilgua urez hornitu ahal izango da, eta ubidea berreskuratu egingo da, eremua berroneratuz.
Amaitutako lehen fase horren kostua 1.595.436,46 €-koa izan da, eta exekuzioa hasieran aurreikusitako 10 hilabeteak baino lehen amaitu da.
Obren bigarren fasea, abian
Lehen fasea amaitu ondoren, eta kontratazio-espedientea hastearekin batera, parkearen bigarren fasea aktibatuko da, eta irailean hastea aurreikusten da.
Bigarren fase honetan parkearen urbanizazio-obra osoa landuko da, eta, horretarako, ia 2,3 milioi euroko aurrekontua izango da. Fase hau 2026 urtearen amaierarako bukatzea aurreikusten da.
Legegintzaldiko proiektua
Barandiaran parkea 2023-2027 Agintaldi Planaren barruan dagoen proiektua da, eta Errenteriako bizilagunek 12.000 m²-tik gorako hiri-gune berdea izatea ahalbidetuko du.
Bigarren fasean aurreikusitako urbanizazio-lanak amaitu ondoren, Udalak hirugarren fase bat abiaraztea aurreikusten du. Fase horretan parkeko zuhaixka- eta zuhaitz-espezieak landatuko dira, eta proiektuan aurreikusitako jolasak eta ekipamenduak erosi eta instalatuko dira. Horrekin guztiarekin, aurreikuspenen arabera, parkea 2027 urtearen erdialderako bukatuta egongo da.

