Asier Jaraizen ‘Begietara begira’ kartela izango da 2025eko Madalenetako irudia

Lezoko Asier Jaraizen ‘Begietara begira’ kartelak irabazi du XXXIX. Madalenetako Kartel Lehiaketa. Aurten, Nora Goyalde Herri Arte Eskolako arte plastikoen eta ikusizkoen irakasle eta artistak, Urtzi Ibarguen artistak, Garbiñe Ramirez Xenpelar Tailerretako irakasleak, Jose Miguel Rodriguez Jai Batzordeko kideak eta Maite Gartzia Kultura zinegotziak osatu dute epaimahaia eta gaur bertan, maiatzaren 28, egin dute hautaketa.
Haurren kategorian, Ane Rodriguez errenteriarraren ‘Madalena geometrikoak’ izan da aipatutako epaimahaiak aukeraketutako kartela. Lan hau izango da, beraz, haurren programazioko irudia.
Bestalde, Igone Alvarez errenteriarrak ere jasoko du saria, bera izan baita publikoaren boto gehien jaso dituen ‘Txupinazo’ lanaren egilea.
Sariei dagokienez, Jaraizek 1.050 euro jasoko ditu, Rodriguezek eskola materialean gastatzeko 150 euro eta, azkenik, Alvarezek uztailaren 21ean izango den Madalenetako herri bazkarirako bi gonbidapen.
Udaletik eskerrak eman nahi izan dizkiete parte-hartzaileei herriko jaiak iragartzeko proposamenak bidaltzeagatik eta euren jatorri anitzak azpimarratu dituzte.
Era berean, Herri Saria erabakitzeko boto ugari bildu dituztela azaldu dute, eta larunbatera arte (maiatzak 31) Xenpelar Etxean zabalik egongo den erakusketa bisitatzera gonbidatu nahi izan dituzte herritarrak.

