Topoa Errenterian integratzeko Bide berria proiektua aurkeztu du Udalak
Atzo sinatu zuten Errenteriako Udalak eta Eusko Trenbide Sareak Topoa Errenterian integratzeko lankidetza protokoloa. Elkarlanerako esparru hori edukiz betetzeko momentua da orain, eta bide horretan hilabete luzez, herriko eragile eta pertsona ezberdinekin batera landutako proposamen integrala aurkeztu du Udalak. “Bide berria” izendatu dute proiektua, Errenteria eraldatzeko bidean mugarri garrantzitsua izango dela iritzita.
Aizpea Otaegi alkateak, Maite Gartzia alkateordeak Eneko del Amo Hirigintza zinegotziak, Eli Murua EAJ-PNV taldeko bozeramaileak eta Antonio Vicente PP taldeko bozeramaileak aurkeztu dute gaur proposamena. Datozen egunetan herritarrekin batera partekatuko dute, hauen iritzi eta ikuspegiarekin aberasteko helburuarekin. Horretarako batzar irekiak antolatu dituzte, gaur asteartez, 19:00etan, Fanderiako Auzo Elkartean; ekainaren 4an, 18:00etan Xenpelar Etxean; ekainaren 5ean, 18:00etan Gaztañoko Auzo Elkartean eta azkena ekainaren 11n, 18:00etan Galtzarabordako Jubilatuen Klubean.
“Errenteriaren momentua da”, adierazi du alkateak, erreferentzia eginez azken urteetan inguruko beste zenbait herritan ETSk eta Eusko Jaurlaritzak egin dituen esku hartze garrantzitsuei. Horrela, Bide berria proiektuaren bidez, bi norabidetan eragin nahi du Udalak. Batetik, Topoak herrian zehar eragiten dituen afekzioak nabarmen murriztuz eta, bestetik, hiri erregeneraziorako proiektu anbiziotsu bat garatuz, herritarrentzako kalitatezko espazio publikoa berreskuratzea ekarriko lukeena.
Horretarako lau gunetan esku hartzea jasotzen du proiektuak, Galtzarabordako eremuan, hiriaren Erdigunean, Gaztaño inguruan eta Fanderian. Esku hartze integral honen bidez, bost helburu lortu nahi dituzte, herritarrentzako kalitatezko espazio publikoa berreskuratu, topoak eragiten duen zarata murriztu, auzoen arteko eta trenbidearekiko irisgarritasuna hobetu, mugikortasun jasangarrirantz jauzi bat eman eta aparkaleku berriak irabazi.
Esku hartzea datutan
Guztira 39.000 metro karratu berreskuratuko lirateke herritarrentzako esku hartze honen bidez. Horrez gain, 940 metrotan trenbidea kapsulatuko litzateke eta beste 1200 metrotan pantaila akustikoak instalatuko lirateke zarata murritzeko. Irisgarritasunari dagokionean, 6 igogailu berri instalatzea jasotzen du proiektuak, bi Galtzarabordan, bi Erdigunean eta bi Gaztañon. Oinezko eta bidegorri bidezko lotura berri bat ere sortuko litzateke Gaztaño eta Galtzaraborda artean, Erdiguneko eremuan trenbidea kapsulatu ostean goikaldean sortuko litzatekeen eremu berriarekin. Bide gorria, gainera, tunel zaharra baliatuta Pasai Antxoraino iritsiko litzateke, guztira 1.750 metroko bidegorri eremua irabaziz horrela. Azkenik, Gaztañon 250 ibilgailurentzako edukiera lukeen aparkaleku disuasorio berri bat ere eraikiko litzateke, zeinak intermodalitatea sustatuko lukeen eta erdigunetik kotxeen presentzia murrizteko aukera sortuko lukeen. Guztira 65 milioi euroko proiektua da gaur Udalak proposatutakoa eta Eusko Jaurlaritzarekin adostutako lankidetza protokoloaren baitan garatuko dena.
Informazio guztia hemen ikus daiteke.
Jarrain, proposamenaren bideoa:

