Madalenetako omenduak izango diren baserritarrei harrera egin diete Udaletxean

Ausaz eratutako 19 herritarren batzordeak Arantxa Otegi, Larreaundi baserriko baserritarra, hautatu zuen 2025ko Madalen jaietako omendua izateko. Herritarrek proposatu eta herritarrek hautaturiko omenduak herriko jaietako txupina botatzeko ohorea izango du. Otegi zehazki izendatu bazuten ere, proposamena egin zutenek bere pertsona eta irudia baliatu nahi izan dute herriko baserritarrak oro har aintzatesteko. Hori dela eta, baserritarren ordezkari gisa Madalenetako omenduak izango direnei harrera egin diete udal ordezkariek.
Erabakia hartu zuten herritarrek hiru argudio nagusi nabarmendu zituzten aintzatespena erabakitzeko garaian. Hain zuzen ere, aniztasuna, lan isilaren bidez herriari egindako ekarpena eta, Otegiren kasuan, emakumeen ekarpena aipatu zituzten.
Horiek horrela, Udal ordezkariek harrera egin diete herriko baserritarren izenean Madalena hauetan omenduen ordezkaritza osatuko duten kideei. Harrera egitearekin batera, hitzordua baliatu dute omendua izateak dakartzan ekitaldi eta xehetasunen inguruan hitz egiteko. Gainera, txupinazioa botako den balkoia bertatik bertara ikusteko aukera ere izan dute bertaratutakoek.
Erabakitze prozesua
Martxoaren 1etik 30era, herrian erroldatutako herritarrek, herriko eragile zein elkarteek eta Udalean ordezkaritza duten alderdi politikoek Madalenetako omendua izateko hautagaiak aurkeztu ahal izan zituzten. Aukeraketa moduaren bigarren urte honetan, 13 hautagaitza aurkeztu ziren.
Proposamenak jasota, hautagaien zerrenda egin zuten udalaren zerbitzu tekniko juridikoek eta 13 hautagaitza horietatik hiru baztertu zituzten ordenantzan jasota dagoen moduan, lehenago ere aintzatespen hori jaso dutelako, hau da, dagoeneko txupina bota izan dutelako.
Hamarreko zerrenda hori hirura jaitsi zuen Udaleko alderdietako bozeramaileen batzordeak, osatutako zerrenda hiru hautagaietara murriztu behar baitzuten, beti ere ordenantza berriaren prozedura jarraiki. Zerrenda hau ausaz aukeratutako herritarren batzordearen esku utzi zen eta berak erabaki du Arantxa Otegi eta herriko baserritarrak oro har izatea 2025ko omendua.
