“Partekatzen dugun herri biziaren isla” izan diren Madalenen balorazio positiboa egin du Gobernu Taldeak

Bukatu dira 2025eko Madalenak eta udal Gobernu Taldeak jaien balorazioa egin du.

Giro alai eta atseginean garatu dira aurtengo Madalen-jaiak ere, eta Gobernu Taldeak, lehenik eta behin, bere ahalegin eta konpromiso nekaezina eskertu nahi izan die Jai Batzordeari eta jaiak antolatzen parte hartu duten elkarte, eragile eta pertsona guztiei zein Babes Zibileko kideei. Euren lana eta konpromisoa ezinbestekoak dira jaiak hain osoak eta anitzak izan daitezen. Horren erakusgarri dira aurtengo Madalenetan egin diren 130 ekintza baino gehiago. Jaiak partekatzen dugun herri biziaren isla ezin hobea izan dira.

Bestalde, Madalenak ere ez lirateke direnak izango herritarren parte-hartzerik gabe; eta Gobernu Taldeak herritarrei eskertu eta aitortu nahi die parte hartzeko eta ondo pasatzeko gogoa, gehien-gehienetan besteekiko errespetuzkoa eta elkarren zaintzako giroan.

Ildo beretik, jaiak posible egiten dituzten udal-departamentuei (kultura, hiri-mantentzea, udaltzaingoa, komunikazioa, hirigintza…), bereziki, Madalenetan lan egitea egokitu zaien udal-langileei dena ongi joan zedin erakutsi duten prestutasunagatik ere eskerrak eman nahi izan dizkie Gobernu Taldeak, euren inplikazio eta eraginkortasun ezinbestekoarengatik.

Udal arduradunek Arantxa Otegi eta baserritarrak ere gogoratu dituzte, aurten omenduak izan baitira. Urte luzeetan zehar landa ingurunea zaintzen eta elikagai osasuntsuak ekoizten egindako lan garrantzitsua eskertu diete, eta jaiak eurekin partekatzea ohorea izan dela adierazi dute. Aurten ere, herritarrek beraiek aukeratu dute Madalenetan nor omendu, herritarren proposamenetatik abiatuta eta herritarrek beraiek osatutako batzorde baten bidez. Hurrengo urtera begira ere eredu hau indartzea egokia dela adierazi dute Udal ordezkariek.

Festetako giroa ona eta lasaia izan da, jendeak festaz gozatzeko eta gozarazteko hautua egin du nagusiki. Errespetuzko eta elkar zaintzaren aldeko jokabideak nagusitu izana pozik egoteko modukoa dela adierazi dute udal arduradunek. Oraindik gertatutakoen datuak biltzen ari badira ere, momentuz, ez dela azpimarratzeko moduko gertakaririk jazo adierazi dute.

Udalbatza osatzen duten alderdi politiko guztiek Madalenen aurretik adierazi zuten ez zela onartuko emakumeak jai-giroan deseroso sentiaraziko zituzten jokabiderik, eta Udalak neurriak hartu zituen indarkeria matxistarik gabeko Madalenen alde. Hemendik aurrera ere neurri horiek zabaltzen eta indartzen jarraitzeko apustua berretsi dute.

Azkenik, aurten ere, Gobernu Taldeak eskerrak eman nahi izan dizkie herritarrei jaiek sortzen dituzten eragozpenen aurrean duten ulermenagatik eta pazientziagatik. Azken urteetako joerari jarraituz jai-eremu berriak sortzen ari dira, festa bizitzeko aukerak ugarituz. Festa eremuak zabaltzeak ordea, berarekin dakar festak eragindako afekzioak ere herrian zehar zabaltzea eta herritar gehiagori eragitea eta, horregatik, jaiak zabaltzeko moduaz hausnarketa partekatu bat egiteko beharra dagoela azpimarratu dute Udal ordezkariek.

Jaietako momenturik ederrenak berriz ere gogoratu nahi dituen herritar orok jaietako argazkiak  esteka honetan dauden argazki-galerietan ditu eskuragarri.