Haur-eskola publiko berri bat eraikiko du Udalak Galtzarabordan

Agintaldi planean jasotako konpromisoari erantzunez, Udalak, herrian haur-eskola publikoetan dagoen eskaerari osoki erantzuteko asmoz, haur-eskola berri bat eraikiko du Galtzarabordan, Errenterian biztanle gehien dituen auzoetako batean.
Dagoeneko Alabergan eta Agustinetan dauden haur-eskola publikoei batuko zaie hirugarren hau, Haurreskolak Partzuergoak kudeatutako herriko haur-eskolen eskaintza zabalduz eta doakotasunean egindako bidearen ondorioz haur-eskolek izan duten matrikulazioaren igoerari erantzunez.
Dagoeneko eraikuntza-proiektua eginda dago eta udazkenean jarriko da martxan eraikuntza lanen lizitazio-prozesua. Horrela, urte berriarekin batera eraikuntza lanak abiatzea aurreikusten du Udalak. Proiektuak milioi bat eurotik gorako inbertsioa eskatuko du.
Haur-eskolak 21 plaza izango ditu eta Galtzarabordako parkearen Urdaburu kale alboko berdegunean kokatuko da, natur inguruan erabat integratutako eraikin bereizgarria izango delarik. Zehazki, gaur egungo zuhaitzen artean kokatuko da.
Galtzaraborda Planaren baitako proiektua
Azken urteetan nabarmen hazi da goiko auzoetan haur-eskoletako matrikulazio- kopurua eta, Galtzaraborda herriko auzo handienetakoa izanik, Udalak kokapen egokiena hori dela ebatzi du. Gainera, dagoeneko lantzen ari den Galtzaraborda biziberritzeko planaren baitan kokatzen da proiektu hau, zeinak esku hartze integralak aurreikusten dituen auzoko gune garrantzitsuenetan. Tartean Urdaburu parkean bertan. Ekipamendu berri honen bidez parkea eraberritzeko eta auzoa biziberritzeko lehen faseari ekitea aurreikusten du Udalak.
Agintaldi planeko konpromisoa
2023-2027 agintaldi planean jasotako konpromisoa da, herrian dagoen haur-eskola publikoetako plaza-kopuruaren eskaintza familien eskaria adinako izatea. Konpromiso horri erantzunez garatuko da proiektu hau, herrian zerbitzu eta ekipamendu publikoen eskaintza indartuz eta, bide batez, zerbitzuak eta ekipamenduak herriko auzo guztietara gerturatuz.
