Dagoeneko deskargatu daitezke Bizi bonuak, irailean hasiko den kanpainarako

Errenteriako Udalak, udalerriko merkataritza sarearekin batera, Bizi bonuen zazpigarren kanpaina ari da abian jartzen. Hori dela-eta, datorren astean kanpaina honek dakartzan berrikuntzak azaltzen dituen eskuorri bat iritsiko da udalerriko etxe guztietara.

Bi dira berrikuntza nagusiak: bonuak 18 urtetik gorako herritarrei egokituko zaizkie eta ez etxebizitzei; eta bonuak fisikoki beharrean telefono mugikor zein ordenagailuz eskuratu ahal izango dira. Bonuak eskuragarri egongo dira abuztuaren 11tik abenduaren 9ra. Erabili, ordea, bonuak irailaren 1etik abenduaren 9ra erabili ahal izango dira.

Bonoak eskuragarri bizi.staging.errenteria.cloud gunean

Udalak errenteriarrak animatu nahi ditu bonuak bizi.staging.errenteria.cloud webgunean eskuratzera, lehen esan moduan, euren mugikor edo ordenagailuen bidez.

Tresna horiek ez dituztenek edo zailtasunak dituztenek, udalak erraztutako sistema alternatiboen bidez lortu ahal izango dituzte bonuak: hala nola, udaletxean eta Aldakoneako ZU! zerbitzuetako tramitaziorako “kutxazainak” erabilita, eta, irailetik aurrera, Aldakoeneako edo Lekuonako liburutegietan zein Torrekuan dagoen KZ-gunean erabilgarri egongo diren ordenagailuak baliatuta.
Sistema berri honek bilatzen du azkeneko urteetan banaketa sisteman gertaturiko eragozpenak gainditzea eta 18 urtetik gorako herritar ororengana iristea.

Dendariei deia

Kanpainari atxikitako establezimenduen zerrenda udal webgunean egongo da eskuragarri. Era berean, parte hartzen duten saltokiak kanpainaren bereizgarriaren bidez identifikatuko dira.

Udalak oraindik atxiki ez diren saltokiei dei egiten die, hala egin dezaten, udalerriko ahalik eta eragile ekonomiko gehienen parte-hartzea funtsezkoa baita ekimenaren arrakastarako.

Bizi bonuen kanpaina Udalak tokiko merkataritza sustatzeko eta Errenteriako bizitza ekonomikoa dinamizatzeko duen konpromisoaren erakusgarri da, merkataritza sarearekin ahaleginak batuz komunitate indartsuago eta oparoago bat eraikitzeko.