Martxan da 7. Bizi Errenteria bonu kanpaina, seguruagoa eta pertsonalizatuagoa
Gaurtik, irailaren 1etik, 2025eko abenduaren 9 arte, Errenteriako herritarrek Bizi Errenteria bonuak erabili ahal izango dituzte kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan. Gainera, 7. kanpaina hau berritasunekin dator, azken urteetan bonuen banaketan izandako arazoak ekiditeko helburuarekin, bonuak eskuratzeko sistema seguruagoa ezarri baitu martxan udalak. Sistema berri hau gainera pertsonalizatuagoa izango da eta bonuak etxe bakoitzari esleitu beharrean, pertsona bakoitzarenak izango dira kanpaina berrian.
2020an BIZI Errenteria egitasmoa abiatu zen, pertsonak eta herriaren bizigarritasuna erdigunean jarrita, errenteriarren gaitasun ekonomikoa areagotzeko, tokiko ekonomia bultzatzeko eta herrian erosteko ohitura sustatzeko asmoz. Beste ekimen batzuekin batera, orain arte erosketa bonuen sei kanpaina gauzatu ditu udalak.
Ia 400.000 euro bideratu ditu udalak 7. kanpainara, herriaren eta herritarren suspertze ekonomiko zein soziala bultzatzeko helburuarekin.
Nola eskuratu daitezke bonuak?
Aurreko kanpainetan ez bezala, bonuak aurten ez dira etxeetara iritsiko, azken urteetan bonuen banaketan sortutako zenbait arazo ekiditeko helburuarekin. Bonuak eskuratzeko sistema seguruagoa eta pertsonalizatuagoa ezarri du martxan Udalak aurten. Horrela, 1990 urtea baino lehen jaiotako errenteriar guztiek, bizi.staging.errenteria.cloud webgunean deskargatu eta mugikorrean gorde ditzakete, ala paperean inprimatu bina bonu. Bonuak eskuratzeko NAN zenbakia edo pasaportearena eta jaiotza data behar dira. Aurreko urteetan egin bezala, 18-35 urte bitarteko gazte bakoitzak berriz hiruna bonu izango dituzte eskuragarri, gazteengan herrian erosketak egiteko ohitura bereiziki sustatzeko helburuarekin. Bonuak deskargatzeko epea abuztuaren 11ean hasi zen arren, hauek abenduaren 9ra arte deskargagarri egongo dira.
Aurtengo aldaketa garrantzitsuetako bat bonuen pertsonalizazioa da. Izan ere, lehen bonuak etxe bakoitzeko banatzen ziren eta orain aldiz pertsonako daude eskuragarri. Horrela banaketa justuago bat egin nahi du Udalak. Lehen lau pertsona bizi ziren edo bakarra bizi zen etxera bonu kopuru bera iristen baitzen eta orain aldiz pertsona bakoitzak eskuratuko ditu bere bonuak.
Arrakala digitala ekiditeko neurriak
Udala jakitun da, sistema berri honek herritarrengan aldaketa bat suposatuko duela eta horregatik, bereziki sistema honen bidez teknologia berriak tarteko bonuak eskuratzeko zailtasunak izan ditzaketen herritarrak kanpo geratu ez daitezen, bonuak deskargatzeko laguntza eskainiko du Udalak Errenteriako udalean eta Aldakonean 10:00etatik 13:00etara astelehenetik ostiralera. Irailaren 8tik aurrera berriz, astearte eta ostegunetan 16:00etatik 19:00etara ere eskuratu ahalko dira Udaletxean.
Bonuak norberaren mugikorretik ala ordenagailutik eskuratzeko aukera dago edo udaletxeko zein Aldakoneako kutxazainetan. Bonuak inprimatzea beharrezkoa ez izan arren, mugikorra erabiliz erakutsi baitaitezke, herritarrek inprimatu nahiko balituzkete etxean ala Errenteriako Udalak herrian dituen ondorengo baliabideak erabiliz inprimatu ditzakete: Lekuonako ordenagailuetan, Aldakoneako ordenagailuetan edo KZGunean.
Erabilera
Bonuak irailaren 1etik abenduaren 9ra bitartean erabil daitezke kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan.
Erosketa Bonuen 7. kanpainan, aurreko kanpainetan bezala, bonu bakoitzarekin 10 €-ko edo gehiagoko erosketatan 5€-ko hobaria eskuratuko da. Bonuak batera erabil daitezke, baina aplikatutako hobariak ezingo du gastu osoaren % 50a gainditu.
Bonuak erabili ahalko dira BIZI Errenteria programara atxiki diren merkataritza, zerbitzu zein ostalaritza establezimenduetan eta zuzenean publikoari saltzeko baimena edo parekoa duten nekazaritzako erregimen bereziko jardueretan.
Establezimenduei deia
Aurreko kanpainetan 250 establezimendu baino gehiagotan erabili ahal izan ziren bonuak. Bonuak erabilgarri direneko establezimenduen zerrenda bizi.staging.errenteria.cloud webgunean dago eta, gainera, herritarrek atxikitako lokal gisa identifika ditzaten, establezimenduek BIZI Errenteria ikurra izango dute ikusgai.
Aurten, sistema berriak dakartzan aldaketen aurrean establezimenduek izan zitzaketen zalantzak argitzeko helburuarekin bi batzar egin ditu Udalak.
Establezimendu bakar bat ere kanpainatik kanpo gera ez dadin, Udalak dei egiten die orain arte atxiki ez direnei egin daitezen, ekimenaren eraginkortasuna areagotzeko garrantzitsua baita ahalik eta herriko eragile ekonomiko gehienen parte-hartzea.
Establezimenduek egin beharreko bonuen kudeaketari begira, berriz, aurreko urteetan bezala hauen balidazioa eta ordainketa automatizatu egingo da Bizi Errenteria aplikazioaren bidez. Aplikazio honek kudeaketa arindu egingo du, baita informazioaren gardentasuna eta segurtasuna bermatu ere. Atxikitako establezimenduek sakelako telefonoko aplikazio hau jaitsi eta bonuak balidatu beharko dituzte. Udalak, aplikazioaren bidez balidatutako bonuen baitan, ordainketak egingo ditu.
Bonuen inguruko edozein zalantza argitzeko, Udalak eskuragarri jarri ditu 010 eta 943 44 96 00 telefonoak eta 7. kanpaina honen berri emango da, halaber, bizi.staging.errenteria.cloud web-orrian eta Udalaren sare sozialetan.
