2.285.085 euroko aurrekontuarekin martxan da Barandiaran parkea urbanizatzeko lizitazio prozesua

Ikasturte berriarekin batera, Errenteriako Udalak martxan jarri du Barandiaran parkea eraikitzeko urbanizazio lanen lizitazio prozesua. 2.285.085 euroko aurrekontua ahalbidetu du Udalak eta orain eraikitzaileei dagokie euren eskaintzak aurkeztea. Lizitazio prozesuak hiru hilabete inguruko iraupena izatea aurreikusten du Udalak eta horrela urte amaierarako Barandiaran parkea urbanizatzeko lanak abiatzea aurreikusten da. Lan hauek ia 16 hilabeteko iraupena izango dute.

2023-2027 Agintaldi Planeko proiektu esanguratsuenetako bat da Pontika auzoan kokatuta dagoen Barandiaran parkearen eraikuntza. Proiektu konplexua da ordea eta horregatik, faseka ari da gauzatzen honen garapena. Orain arte lur mugimenduen bidez lur kutsatuen deskontaminazioa gauzatzearekin batera, Pekin erreka azaleratzeko lanak egin dira. Lan horiek  1.595.436 euroko kostua izan zuten. Behin amaituta prest utzi zen ingurunea bigarren fasean urbanizazio lanei ekiteko. Bigarren fase honetan Barandiaran parkeko urbanizazio lanak egingo dira, parkeak barne hartzen dituen 12.650 m²-ko azaleran.

Lan hauek garatzearekin batera udalerriak espazio bizigarri garrantzitsu bat irabaziko du, jolas-jardueretarako eta aisialdirako besteak beste, auzotarren eskaera historikoa izan dena errealitate bihurtuta.