Asteburu honetan udalak herritarrak zuhurtziaz jokatzera deitu ditu, eguraldiarengatik dagoen baso-sute arriskua dela-eta

Tenperatura altuek eta baldintza meteorologikoek sortutako egoera dela-eta, Errenteriako Udalak herritarrei gogorarazi nahi die Euskalmet-ek larunbaterako ezarri dituela alerta horiak tenperatura oso altuengatik eta sute arriskuagatik. Egoera honek prebentzio-neurriak zorrozteko beharra dakar, bai osasunaren, bai lanaren eta babes pertsonalaren aldetik, eta, horrekin batera, zuhurtzia handiz jokatzeko beharra, sute-arriskua saihesteko.

 

Udalak eskatutako zuhurtzia bereziki aire libreko jarduerei dagokie. Egungo alarma-mailak ez dakar momentuz Listorreta bezalako merenderoak ixtea, ezta horretarako prestatutako guneetan sua egitea debekatzea ere; hala ere, gomendatzen da instalazio horien erabilera ahalik eta gehien murriztea eta, ahal den neurrian, sua piztea saihestea, baita gune baimenduetan ere.

Era berean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak bero-bolada hauetan honako aholkuak ematen ditu:

  • Edatea ura maiz, egarria izan gabe ere, eta saihestu alkoholdun edo azukredun edariak.

  • Egotea toki freskoetan, itzaletan edo klimatizatuetan, eta etxebizitzak aireztatu bero gutxien dagoen orduetan.

  • Murriztea jarduera fisiko handia, batez ere eguerdiko orduetan (12:00-17:00).

  • Erabiltzea arropa arina, transpiragarria eta kolore argikoa; babestu burua eta begiak.

  • Arreta berezia eskaintzea adinekoei, haurrei, gaixotasun kronikoak dituztenei eta aire zabalean lan egiten dutenei.

Sute-arriskuari dagokionez, Udalak ohikoak behar diren jokaera hauek gogorarazi ditu:

  • Ez botatzea zigarrorik, fosfororik edo su hartzeko gai den bestelako materialik mendian edo landaredia dagoen eremuetan.

  • Ez egin erretze-lanik edo txinpartak sor ditzaketen jarduerarik.

  • Kea edo sua antzemanez gero, deitu berehala 112ra eta urrundu eremutik.

Errenteriako Udalak adi jarraituko die eguraldi-iragarpenei, bereziki biharkoei, eta larrialdi zerbitzuek emandako bestelako jarraibideei. Eta, gerta daiteke, eguraldi-iragarpena aldatuz gero, jarraibideak ere aldatzea, beraz, komeni da Errenteriako Udalak kanal honen bidez eman ditzakeen bestelako komunikazioei adi jarraitzea.

Errenteriako Udalak herritarren lankidetza eskertzen du eta gogorarazten du, eguraldi-baldintza zailak direnean prebentzioa eta zuhurtzia ezinbestekoak direla osasuna eta ingurune naturala babesteko.