Amaitu dira Iztieta-Ondartxoko ontzientzako pabiloi berria eraikitzeko lanak

Iztieta-Ondartxoko hiltegi zaharraren eremua eraberritzeko bidean mugarri garrantzitsua ezarri da gaurkoan. Dagoeneko amaitu dira ontzientzako pabiloi berria eraikitzeko lanak. Eta hemendik aurrera, pabiloi berria erabilgarri izango
du Hibaikak. Ontziak eta bestelako materiala gordetzearekin batera, arraun elkartearen eguneroko jarduna errazteko diseinatuta dago eraikina. Besteak beste, ontzien garraioa bera orain baino arinago egin dezaten.
Instalazio berri horrek 283 m² inguru ditu, eta, bere kokapenagatik, Oiartzun ibaian ur-kirolak egiteko lagungarri izango da, 2020an jarritako pantalanaren osagarri. Oiartzun ibaia biziberritzeko eta herritarren gozamenerako berreskuratzeko estrategiari ekarpen garrantzitsua egingo dio, beraz, proiektu honek.
30 aste iraun duten eraikuntza lanek, guztira, 494.700,76 euroko aurrekontua izan dute. Eraikin bereizgarria da, besteak beste egurrezkoa baitu egitura eta fatxada bera ere egurrezko laminekin osatuta dago. Horrek aireztapen naturala izatea ahalbidetzen dio eraikinari.
Hiltegiaren birgaitzea, gertuago
Pabiloia abian jartzeak hiltegiko eraikina birgaitzeko aukera emango du, eta gaur egun hiltegian egiten diren jarduerak hobetzeko aukera eskainiko du.
Gaur egun, hiltegia eraberritzeko proiektua eguneratze fasean dago, eta obren lizitazioa udazkenean hastea aurreikusten da.
Hiltegi zaharra birgaitzea izango da Ondartxoko ingurua hobetzeko eta biziberritzeko beste jarduera garrantzitsu bat, 2023-2027 agintaldi planean jasota dagoena.
Hiltegi eraberritua martxan jartzearekin batera, aurreikusita dago eraikinean Hibaikak udal ekipamendu horretan egiten dituen jarduerez gain, uretako herri kiroletarako gune bat egokitzea, baita espazio komunitario bat ere.
