Azken hiruhilekorako programazio eszeniko anitz eta bizia aurkeztu du Udalak
Niessen Kulturguneko eta Lekuona Fabrikako agertokiak musika, dantza eta zirku ikuskizunekin beteko dira datozen hilabeteotan. Maite Gartzia Kultura zinegotziak eta Laura Landa Kultura teknikariak eman dute programazioaren berri gaur, hilak 25, prentsa aurrean.
Berdinkiren ‘Leinu’ ikuskizuna izango da hiruhileko honetan oholtzaratuko den lehena. Urriaren 5ean izango da hori eta bertan bikote baten istorioa kontatuko dute, ametsak, beldurrak eta guraso izateko nahia ardatz hartuta, zirkuko lengoaia poetiko baten bidez. Lekuona Fabrikan izango da, 19:00etan.
Urriaren 11n, urteko kontzerturik berezienetako bat hartuko du Lekuona Fabrikak; izan ere, Gatibu taldeak agur esango baitu, 25 urteko ibilbide oparoari amaiera emanez. 20:00etan hasiko da kontzertua, eta emozioz beteriko gaua izango da Errenterian eskainiko dutena.
Urriaren 24an, berriz, Japoniako ‘Kamishibai’ tradizioan oinarrituta, familia osoarentzako ‘Jamishi-Jai’ ikuskizun ibiltaria izango da Intujai Teatro taldearen eskutik. Bizikletetan muntatutako hiru eszenatoki ezberdinetan hasiko da emanaldia 18:00etan: Gernika plazan, Foru plazan eta Koldo Mitxelena plazan. Ikuskizunaren amaiera Niessen Kulturgunean izango da, 18:30ean. Sarrera doakoa izango da.
Azaroaren 2an, Kukai Dantza konpainia errenteriarrak bere azken ikuskizuna, ‘Txalaparta’, eskainiko du Lekuona Fabrikan: sustraiko dantza eta dantza garaikidearen arteko topaketa emozionala. Ikuskizuna 19:00etan hasiko da.
Azaroaren 15ean, 19:00etatik aurrera, lau taldek joko dute Lekuona Fabrikako oholtza gainean: Zilibito Records, Oiartzungo Panterak, Nikone eta AZK. Gaztetour programaren baitan eta Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean antolatutako emanaldia izango da eta prezio berezia izango du: 3 €.
Azaroaren 16an, ‘Lana’ ikuskizunarekin itzuliko da dantza Niessen Kulturgunera, Osa&Mujika konpainiaren eskutik. Arrakasta, estatusa eta balioarekin lotzen du lana gizarteak eta ikuskizuna kultura obsesibo horren inguruko gogoeta koreografikoa da. Niessen Kulturgunean izango da 19:00etan.
Niessen Kulturgunean, baita ere, azaroaren 21ean, txikienek ‘Loratzen’ antzerkia, musika eta zirkua uztartzen dituen ikuskizun poetikoarekin gozatuko dute, Zirkun Zirko konpainiaren eskutik. Emanaldia 18:00etan hasiko da.
2025ari agur esateko, bi proposamen handi izango dira abenduan. Hilaren 13an, 20:00etan, Belako taldeak bere azken diskoa aurkeztuko du Lekuona Fabrikan: erritmo aldaketak, hizkuntza eta kolore aniztasuna eskaintzen dituen disko harrigarria. Eta abenduaren 14an, Zirkuss Konpainiaren ‘Sustrai’ ikuskizunak akrobaziaren indarra eta materiaren degradazioaren konplize egingo ditu gogoeta bisual batean Niessen Kulturgunean, 19:00etan.
Ikuskizunen sarrerak bihar, hilak 26, egongo dira eskuragarri 12:00etatik aurrera sarrerak.staging.errenteria.cloud webgunean eta Lekuona Fabrikan, eta 16:00etatik aurrera Aldakonean (ikuskizun guztien aforoaren % 20a salmenta presentzialerako gordeko da). Gainera, ikuskizunaren egunean, aretoan bertan, leihatila irekiko dute ordubete lehenago, betiere sarrerak lehenago agortu ez badira. Halaber, azpimarratzekoa da herritar bakoitzak 4 sarrera erosi ahal izango dituela gehienez.
Kontzertuek 10 euroko prezioa dute, helduentzako ikuskizunek 9 eurokoa, eta familiei zuzendutakoek, aldiz, 3,5 eurokoa. Kultura txartelaren titularrek % 25ko deskontua izango dute.
