Ikuspegi integrala eta lankidetza gizarte-bazterketaren errealitateari aurre egiteko

Duela urtebete bazterkeriari aurre egiteko estrategia koordinatzeko mahaia sortu zen, gizarte bazterkerian bizi diren pertsonen errealitate konplexuari aurre egiteko. Errenteriako Udalak koordinatutako mahai honetan, arlo honetan lan egiten duten udal zerbitzu guztiez gain, Gipuzkoako Foru Aldundiak lagundutako zenbait programa eta zerbitzuk ere parte hartzen dute.
Bazterkeria egoeran dauden pertsonak errealitate bat dira gure gizartean eta azken urteetan ugaritu egin dira, gure kaleetan oso presente daudelarik. Bazterketa egoera honen ondorioz, pertsona hauek sare eta dinamika sozialetatik kanpo daude, eta, horrela are zaurgarriago bihurtzen dira, etxegabetasuna izanik haien aurpegi agerikoenetako eta gordinenetako bat.
Hala ere, etxegabetasuna alderdi gogorrenetako bat bada ere, asistentzia-defizit handia izaten duten pertsonak ere izan ohi dira sarri.
Gizarte arazo baten aurrean gizarte hurbilketa bat egiteko beharraz jabeturik, azken urte honetan zehar modu iraunkor eta koordinatuan lan egiten ari dira Errenterian, bazterkeriaren aurreko erantzuna koordinatzeko mahaiaren bidez.
Ekimen aitzindaria da hau, erronka konplexu horri ikuspegi integral batetik eta eragile ezberdinen arteko elkarlanaren bidez heldu nahi diona.
Gizarte arloko profesionalez eta udaltzaingoaz osatutako mahaia
Duela hilabete batzuetatik hona hilabetero eta modu koordinatuan biltzen ari den mahai horretan, hilero berrikusten da Errenteriako kaleen egoera.
Kalean zenbat pertsona eta nortzuk bizi diren errepasatzen da, eta informazio hori udaltzaingoari eta kalean lan egiten duten hezitzaile eta integratzaileei esker lortzen da.
Informazio hori ezinbestekoa da egoera horretan zenbat denbora daramaten, non lo egiten duten, esku-hartzeko planik duten eta gizarte-langilerik esleituta duten kontrolatzeko.
Gainera, Udalak duen baliabideren batean sar daitezkeen pertsonen identifikatze lana egiten da, edo beste erakunde batzuen baliabideekin koordinatzen da. Alderantziz ere egiten da, alegia azken hilabetean baliabideetatik izandako kanporatzeak aztertzen direlarik.
Azken batean, arlo eta zerbitzu guztiek duten informazioa gurutzatu nahi da, esku-hartzeak pertsona bakoitzaren errealitatera egokituago egin ahal izateko.
Mahai horretan udaletik honako sail eta zerbitzuek parte hartzen dute: gizarte zerbitzuetako saila, udaltzaingoa, Belabaratz aterpetxeko zuzendariak (Grupo 5), kaleko bitartekariak (Arrats Elkartea), kaleko hezitzaileak (Emaus Gizarte Fundazioa) eta aldi baterako bizitokien koordinatzaileak (Emaus Gizarte Fundazioa).
Eta baita Gipuzkoako Foru Aldundiaren SEFAC zerbitzuak zein GFAren diru-laguntza duten zerbitzu hauek ere: Kaleko laguntza psikologikoa (KAM unitatea) eta kaleko laguntza sanitarioa (EKUM unitatea).
Esku-hartzeak zenbakitan
Errenteriako Udalak urtero ia 2,8 milioi euro bideratzen ditu gizarte bazterkeriari aurre egiteko estrategia garatzera, udal aurrekontu osoaren %4 baino gehiago. Udalaren apustu hori datuetan islatzen da; izan ere, 2024-2030 Gipuzkoako Gizarte Zerbitzuen Maparen arabera, Errenteriak 11 plaza izan beharko lituzke (Oarsoalderako eskakizuna hainbanatuz, udalerri bakoitzeko biztanleen arabera) bazterketan dauden pertsonentzat, eta gaur egun 39 ditu; horrek hirukoiztu egiten du Aldundiaren eskakizunaren gaineko udal-apustua eta Oarsoaldeak bete beharreko plaza kopurua ere estaltzen du, ia bikoiztu egiten duelarik.
Esku-hartzeei dagokienean, Pausoz Pauso programaren barruan, gizarte-arrisku edo bazterketa egoeran dauden pertsonentzako gizarte- eta hezkuntza-arloko eta arlo psikosozialeko esku-hartze zerbitzua, 2024an 45 esku-hartze egin ziren. Horietako 33 kalean egindako esku-hartzeak izan ziren, eta 14 ekipamendu publikoren batean zeuden pertsonenak.
Belabaratz aterpetxearen kasuan, 2024an 309 erabiltzaile izan zituen, eta zerbitzuaren okupazio-tasa % 96koa izan zen. Bestetik Gaztelutxoko aterpetxea CEAR elkarteari lagatuta dauka Udalak errefuxatuei arreta eskaintzeko. Zehazki 5 bizikidetza unitate bizi dira bertan.
Gipuzkoa Foru Aldundiaren partaidetza
Belen Larrion, Gipuzkoako Foru Aldundiko Haurren Babeserako, Gizarte Inklusiorako eta Emakumeen aurkako Indarkeria Matxistaren Arretarako zuzendari nagusiak azpimarratu du beharrezkoa dela erakundeen, babes-sistemen eta hirugarren sektorearen arteko lankidetza, gero eta konplexuagoa den errealitate bati erantzun eraginkorrak emateko. Testuinguru horretan, gogorarazi du Foru Aldundiak konpromiso sendoa duela gizarteratzearen alde, eta hori II. Elkar-EKIN 2022-2026 Planaren bidez gauzatzen dela; plan horrek administrazio publikoen eta gizarte-erakundeen arteko lankidetza bultzatzen du.
Larrionek azaldu du planak 35 ekintza jasotzen dituela, eta helburua dela gizarte-bazterketa prebenitzea, oinarrizko eskubideetarako sarbidea bermatzea eta gizarte-zerbitzu pertsonalizatuagoak lortzea. Horrez gain, berrikuntza eta esperimentazioa bultzatzen ditu, besteak beste, Elkar-EKIN LANEAN enplegu eta gizarteratze-laguntzen bidez edo aurrekontu parte-hartzaileen bitartez. Era berean, azpimarratu du Oarsoaldean sortu eta gaur egun lurralde osora hedatu den Foru Aholkularitza Zerbitzu Komarkala (SEFAC) eredugarria dela kalean egiten den esku-hartze sozio-hezitzaileari eta etxerik gabeko pertsonentzako laguntza espezializatuari dagokienez, erakundeen arteko koordinazioa sendotuz eta Gipuzkoa inklusiboago baterantz aurrera eginez.
