Udal Gobernu Taldeak 2026rako ordenantza fiskalen proposamena aurkeztu du

Argazkian, ezkerretik eskuinera: Yolanda Martín zinegotzia, Aizpea Otaegi alkatea eta Eneko del Amo zinegotzia.

• %2,4ko eguneratzea aplikatzea proposatzen da, azken urteko KPIaren batez besteko aldaketari dagokiona.
• Fiskalitate justuago baterantz aurrera egiten jarraitzen da, prezio publiko gehienetan progresibitatea ezarrita.
• Proposamenean, gainera, funtsezko esparru batzuk indartzen dituzten zerga-neurri batzuk jasotzen dira, hala nola etxebizitza, tokiko garapena, trantsizio ekologikoa eta gizarte-babesa.

2026 urteko aurrekontua prestatzeari begira, Errenteriako Udaleko Gobernu Taldeak ordenantza fiskaletan %2,4ko eguneratze orokorra proposatzen du, azken urteko KPIaren batez besteko igoerari dagokiona.

Aurkeztutako proposamenaren helburua kalitatezko zerbitzu publikoak eskaintzen jarraitzea da, gizartearen beharren eta aurrekontuen egonkortasunaren arteko oreka bilatuz, ahalegin fiskala modu justu eta orekatuan banatuta.

Kontuan izan behar da Errenteriaren zerga-bilketa biztanleko, EAEkoaren eta Gipuzkoaren azpitik dagoela. 2022ko datuei erreparatuz gero, ikus dezakegu Errenterian 279 euro jaso zirela biztanleko, Gipuzkoan, batez beste, 371 jaso ziren bitartean, ia 100 euro gehiago.

Udal Gobernuak proposamen hau udalean ordezkaritza duten gainontzeko alderdi politikoei aurkeztu die, haien ekarpenak txertatzeko eta, horrela, urriko osoko bilkuran ordenantza fiskalak onartu ahal izateko.

Proposamenak prezio publiko gehienetan progresibitate fiskala aplikatzea jasotzen du, eta udalerriaren erronka nagusiekin lotutako arloetako hainbat neurri fiskal ere baditu: etxebizitza, tokiko garapena, trantsizio ekologikoa eta gizarte kohesioa.

Etxebizitzaren arloko neurriak

Udal Gobernuaren proposamenak jarraipena ematen die etxebizitza arloan indarrean dauden neurri fiskalei, Errenteriaren Eremu Tentsionatu izendapenean ezarritako helburuak lortzen laguntzen duten neurriak direla iritzita.

Zentzu horretan, Ondasun eta Higiezinen Zerga (OHZ) eta Eraikuntza, Instalazio eta Obren Zerga (EIOZ) izoztea proposatzen da, karga fiskala arindu eta egungo etxebizitza parkearen birgaitzea sustatzen jarraitzeko.

Tokiko garapena sustatzea

Toki-garapena udalerriarentzat eremu estrategikoa denez, Jarduera Ekonomikoen gaineko Zerga (JEZ) eta establezimendu berriak, lurzoruaren aprobetxamenduak eta azoka txikiak irekitzeko tasak izoztea proposatzen da.

Trantsizio ekologikoari bultzada

Trantsizio ekologikoari dagokionez, azken urteotan egokitu egin da hondakinen tasa, hondakinei buruzko 7/2022 Legea betetzeko. Zentzu horretan, %2,4ko eguneratzearekin tasa kostuen eta diru-sarreren arteko orekan mantenduko dela aurreikusten da, beraz, aurten eguneratze hori gauzatzea proposatzen da.

Halaber, jarduera ekonomikoetarako tarifa berri bat proposatzen da, kuota finko bat eta IHOBEren Euskal Autonomia Erkidegorako metodologia estandarrean oinarritutako zuzenketa-faktore bat kontuan hartzen dituena. Zabor gutxiago sortzen duenak gutxiago ordaindu dezan eta alderantziz.

Ur hornidura eta estolderiaren tasa Añarbeko Uren Mankomunitateak planteatutako igoerara eguneratzea proposatzen da.

Mugikortasunari dagokionez, TAOren tarifak %2,4 igotzea proposatu da, eta egoiliar zein saltokientzat %1,6 eguneratzea.

Tasen igoera progresiboa ere aplikatuko da, motordun ibilgailuen potentziaren arabera.

Gizarte-kohesioa hobetzea

Arlo honetan, etxebizitza tutelatuen, aldi baterako bizilekuen eta etxez etxeko arreta-zerbitzuaren tasak izoztea proposatzen da.

OHZren errekarguak beste salbuespen bat jasoko du, irisgarritasuna ziurtatuta ez egoteagatik etxebizitza utzi behar izan duten adinekoentzat edo mugikortasun arazoak dituztenentzat.