Udalak positibotzat baloratu du azkenean Errenteriarentzat erreferentziazko prezioen indizea zehaztu izana
Gaur argitaratu da Estatuko Aldizkari Ofizialean Gipuzkoarako erreferentziazko prezioen indizeen sistema ezartzen duen ebazpena. Bihar sartuko da indarrean eta etxebizitza arloan tentsionatuta dauden eremuei eragingo die, besteak beste, Errenteriari.
Errenteriako Udalak positibotzat jo de mugarri hori, udalerri tentsionatu izendatu zutenetik errenteriarrek 8 hilabetez itxaron behar izan badute ere eremu tentsionatu izateak eskaintzen dizkien tresna guztiak indarrean sar daitezen.
Errenteriaren Eremu Tentsionatu izendapena urtarrilaren 30ean argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, baina deklarazio horretan jasotako hainbat neurri ezin izan dira aplikatu erreferentziazko prezioen indizerik ez zegoelako. Adierazle hori argitaratuta, bihartik aurrera tenkatutako etxebizitza eremuetako alokairuek honako kasu hauetan ere izango dute prezio-muga: edukitzaile handien etxebizitzetan (5 etxebizitza edo gehiago dituztenak), lehen aldiz alokatzen diren etxebizitzetan eta azken bost urteetan alokatu ez direnetan.
Aizpea Otaegi alkateak adierazi du erreferentziazko prezioen indizea indarrean sartzea albiste ona dela eta alokairuen prezioak, poliki bada ere, jaisten joateko lagungarri izatea espero duela. Izan ere, bizi dugun etxebizitza larrialdia ikusirik, agintaldi honen hasera-haserako asmoa izan baitzen tentsionatutako udalerriaren izendapena eskuratzea eta lehenbailehen legeak ahalbidetzen zituen tresnak aktibatzea. Gauzak horrela, nahi baino gehiago luzatu da Gipuzkoarentzako erreferentziazko indizea martxan jartzea.
Errenteriako Udalaren Etxebizitza planaren garapena
Eremu tentsionatuaren izendapenaren osagarri, Errenteriako Udalak hiru urterako Etxebizitza Plana garatzen jarraitzen du. Plan horren bidez sei eremutan eragitea aurreikusi zuen Udalak, etxebizitzaren arazoari esku hartze integral baten bidez erantzuteko:
– Etxebizitzen erabilera turistikoa mugatzea.
– Etxebizitza gehiago eraikitzea, tartean etxebizitza publiko gehiago.
– Etxebizitza hutsak mobilizatzeko neurriak indartzea.
– Gaur egungo etxebizitza parkea birgaitzeko neurriak garatzea.
– Etxebizitzarako sarbidea errazteko laguntza sistemak sendotzea.
– Erakundeen arteko elkarlana indartu eta koordinazioa hobetzea.
Arlo horietan guztietan, Errenteriako Udala urratsak ematen ari da eta hainbat dira azken hilabeteetan hartutako neurriak edo martxan jarritako ekimenak.
Udalak otsailean onartu zuen, adibidez, turismo-ostatuetarako lizentzia berriak etetea, etxebizitzaren erabilera soziala babesteko.
Bestalde, Errenteriako Udalak dagoeneko Eusko Jaurlaritzari eskaini dizkio bi lursail, Esnabiden (dagoeneko lagatuta) eta Altzaten, etxebizitza publikoa eraiki dezan. Udalak espero du Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Sailak luze gabe abiatzea lursail horietan etxebizitza publikoak eraikitzeko prozesua.
Bestetik, Errenteriako etxebizitza parkea birgaitzeko esku hartzeetan Udalak txalotu egiten du Beraun Planaren baitan etxebizitzak birgaitzeko egindako lankidetzazko esku hartzea eta Eusko Jaurlaritzari dei egin dio elkarlan formula hori Galtzaraborda biziberritzeko planera ere hedatzea.
Azkenik, gogora ekarri nahi izan du aurten lehenengoz etxebizitzak birgaitzeko dirulaguntzak herri guztira hedatu direla 12 etxebizitza edo gutxiago dituzten eraikinentzako, aurtengo aurrekontuen negoziaketan EAJrekin lortutako akordioari esker.
